Beste lau kofrade izango ditu Tolarek, sagardoaren alde lan egiteko

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 14a

Gipuzkoako Sagardo Natura­laren Tolare Kofradiak XXga­rren Kapitulua ospatuko du bihar, Hernanin. Hain zuzen, Ohorezko lau kofrade berri izendatuko ditu, beraien ibilbidea eta lana omenduz eta sagardoaren alde lan egin dezaten. Omenduak honakoak izango dira: Ainhoa Arteta soprano tolosarra, opera kantaria; Eva Esnaola atleta internazioanala; Maria Jesus Iturbide ostalari ezaguna; eta Ozenki abesbatza.

Euskal Herriko eta kanpoko kofradia desberdinak
Urtero bezala, bihar ere, Hernanin izango dira Euskal Herri osoko eta espainiar eta frantziar estatuetako kofrade desberdinak: odolkiarena, txakolinarena, gaztarena, izokiarena, antxoarena, zainzuriena... Euren traje ikusgarriekin kolorez jantziko dute festa egun hau.

Ekitaldi nagusia, Biterin
Ohorezko Kofradeak, kofradia desberdinak eta gonbidatu guztiak 11:00ak aldera elkartuko dira Xalaparta elkartean. Hamaiketako eder baten bueltan emango zaie ongi-etorria.
Ondoren, omenduek eta kofradiek desfilea egingo dute Kax­koko kaleetan barrena, Musika Bandaren laguntzarekin.
Biteri kultur etxera joango dira eta bertan, aurreskua dan­tzatuko diete omenduei. Ondoren, ekitaldi nagusia izan­go da eta Ohorezko Kofra­de izendatuko dituzte lau omen­duak. Ekitaldia bukatzeko, Ozenki abesbatzak 3-4 kan­ta eta bertso berezi batzuk eskainiko ditu. Bazkaltzera ere joango dira Larre-gain sagardotegira.

Ainhoa Arteta, soprano ospetsua
1964ko irailaren 24an jaio zen Ainhoa Arteta Ibarrolaburu, Tolosan. Mundu mailan ezaguna den opera kantaria da, soprano ospetsua. Donostiako Kontserbatorioan ikasi zuen eta baita New Yorkeko Actors Studion ere, interpretazioa. 1990ean debutatu zuen Clorindaren paperean, Rossiniren La Cenerentola lanean, Floridan (AEB). Ordutik, ibilbide luzea egina du eta makina bat operatan parte hartu izan du. Hainbat disko eta lan ere argitaratu ditu eta beste hainbat sari jaso: Hispanic Society of America Saria; Musika Sarietan, Musika Klasikoko Artista Onenaren Saria; Valentziako Musika Palazioko Urrezko Domina; Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari Saria...

Maria Jesus Iturbide, ostalari ezaguna
Maria Jesus Iturbide Alkain Andoainen jaio zen 1942ko uztailaren 27an. Hernani ezagutzen zuen gaztetan, bere senarra bertakoa zelako, baina Hernani barru barrutik ezagutzera iritsi da. Izan ere, 27 urterekin Rioja tabernara etorri zen eta ordutik 46 urte daramazki bertan lanean. Tolare Kofradiak omenaldia egin nahi dio Hernaniri emandako guztiagatik. Iturbek berriz, halaxe dio: «Hernanik gauza asko eman dizkit eta ez dakit hainbeste opari merezi ditudan. Orain, beste opari hau, zer nahi duzue esatea? Mila, mila esker denoi bihotzez».

Ozenki abesbatza, 20 urte kantuan
Ozenki abesbatzak iazko urrian bete zituen 20 urte. Ereñotzun sortu zen, Imanol Kamioren eskutik. Umeak «gantxo» bezala erabili zituela gogoratzen du, helduak animatu zitezen. 50 bat lagun animatu ziren urte hartan, 15 ume tartean. Baina berehala utzi zuten umeek, umeentzako abesbatza bai baitzegoen eskolan. Pare bat urtera, berriz, Ereñotzu utzi eta Hernaniko Doinu Zale musika eskolara aldatu ziren, «ikasteko aukera gehiago baitzegoen: musika instrumentuak, beharrezko materiala...». Ozenki abesbatza zabalduz ere joan da eta gaur egun, Ereñotzu, Hernani, Goizueta, Arano, Urnieta eta Igeldokoak dira taldekide; 35 bat lagun. Urtean, 15 bat kontzertu eskaintzen dituzte Hernani eta beste hainbat herritan. Aurten, urrutixeago ere joango dira. Galiziara doaz maiatzaren 1aren bueltan. Tolare Kofradiaren Kapituluan ez dute hutsik egiten urtero, kontzertu txiki bat eskainiz, eta bihar ere bertan izango dira kantuan, eta baita omendu bezala ere.

Eva Esnaola, atleta internazionala
Eva Esnaola Agesta hernaniarra, nazioartean errekonozitutako atleta da. 1960ko azaroaren 23an jaio zen eta palmaresari begiratu besterik ez dago, lortutako errekonozimendua ondo merezia duela ikusteko. Villenave d’Orno­ne­ko 12 orduetan txapeldun izan zen iaz, Munduko 24 orduetako Txapelke­tan 12garren geratu zen orain dela hiru urte, Bartzelonako 24 orduetan txapeldun, urte berean... Hiru errekor ere lortu ditu estatu mailan eta zazpi mar­ka pertsonal ditu. Zerrenda luzea da. Hori guztia saritu nahi du Tolare Kofradiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!