Herritarrekin bildu ziren asteazkenean Andoni Gartzia alkatea eta Eduardo Vicente, obra zerbitzuetako teknikaria, uholdeek eragindako kalteak aztertu, balorazioa egin eta herritarren kezkak argitzeko. Bileran sortutako giro ona eta herritarrek izandako jarrera eta egindako ekarpenak eskertu ditu Udalak.
Ur sareak hobetzeko azterketa egiten ari da Udala
Andoni Gartzia alkateak onartu zuen: «egin diren ekimenek ez dute funtzionatu behar bezala. Ingeniari talde batekin proiektu bat egin zen, baina akats batzuk daude; espero ez genuen toki batzuetan, ur saretik sartu da ura». Hori horrela, azterketa sakonago bat jarri du martxan Udalak.
Kamarak sartzen ari da Pelotari kaleko, Portutxoko eta Ergobiako ur sareetan, bertan dagoen hoditeria ondo ezagutzeko. «Portutxon errazagoa izango da, baina Ergobian sareak zaharragoak eta ezezagunagoak dira».
Apirilean Eusko Jaurlaritzarekin egingo den bilerara joateko gonbitea luzatu zien Udalak bizilaguneei.
Goiko Itturri erreka desbideratu
Beste neurrietako bat Goiko Itturri erreka desbideratzea izango zela azaldu zuten. «Pelotari kalean bi arazok egiten dute bat; Urumea ibaiak gora egiten du, eta Goiko Itturri erreka pasatzen da bertatik. Kutxan elkartzen dira, eta hau da herriko punturik bajuena; berehala betetzen da urez. Beraz, asmoa da Goiko Iturri erreka Tomas Alba kaletik desbideratzea, Galtzaur ibaira».
Horren erruz urak Portutxo lehenago hartu lezakeela azaldu zuten bizilagunek, baina Eduardo Vicentek azaldu zuen ezetz: «Galtzaurrek ahalmen haundiagoa dauka eta Goiko Itturritik bertara bideratuko dena huskeria bat izango da».
Koordinazio lanak hobetzeko Batzorde iraunkorra
Era berean, bizilagunek azaldu zuten kasu batzuetan ez zela garaiz iritsi ura atera eta garbiketarako laguntza. Udalak azaldu zuen hainbat errekurtso, bonbak, adibidez, erabili gabe gelditu zirela. Hori horrela, Batzorde iraunkor bat sortzea pentsatzen ari da, koordinazio lanak hobetu eta herritarrek nora deitu jakin dezaten une oro.
Era berean, laguntzak ematea aztertzen ari da Udala, nork bere etxe eta lokalak babesteko barrera iraunkorrak jarri ahal izateko eta aholkularitza zerbitzua eman ahal izateko, aurrerantzean.
Eusko Jaurlaritzarekin bilera
Alkatearen esanetan, uholdeen kontrako Eusko Jaurlaritzaren batzordeak apirilean hasiko ditu Martuteneko obrak, eta hurrengo pausoa izango da Ergobiatik Akarregirako zatian ibaia 40 metro zabaltzea edo Ergobiako zubiari begi bat gehiago ateratzea; baina ez dakite noiz egingo den hori.
Apirilean bilduko dira Astigarraga, Hernani eta Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin, eta alkateak parte hartzeko gonbitea luzatu zien bizilagunei. Udalera deitu behar da.