Bukatu dira lehenengo faseko lanak

Kronika - Erredakzioa 2015ko mar. 14a, 01:00

Ereñotzuko Auzo Udalak, Ereñotzuko behekaldeko auzuneko ur zikinak bildu eta ingurua berurbanizatzeko proiektua abiatu zuen iaz. Auzo Udalaren diru baliabide urriak tarteko, proiektua bi fasetan zatitu behar izan dutela azaldu du Auzo Udalak eta lehenengo fasea bukatu dutela dagoeneko. Azaroan abiatu ziren lanak. Ondorioz, 17, 18, 19 eta 20 zenbakietako etxeetako urak bildu dira, baita Irrintzi taberna dagoen etxekoak ere. Ur zikinak bildu ondoren, kolektorera bideratu ahal izateko, ponpatze  (bonbeo) estazio bat instalatu da lurpean. Ponpatze estazioa datorren astean bertan jarriko da martxan. 
Lehenengo fase honetako inbertsioa 169.340 eurokoa izan da. Eusko Jaurlaritzako Erein programatik 39.021 euroko diru laguntza jaso da eta Gipuzkoako Foru Aldun­ditik 29.071 eurokoa. Gainon­tzekoa Ereñotzuko Auzo Uda­laren ber­ezko baliabideetatik or­dain­du da.

Bigarren faseko lanak, apirila bukaerarako adjudikatuta
Bigarren faseko lanak apirilaren azkenerako esleituta egotea espero du Auzo Udalak eta udaran, uztaila bukaeran edo, proiektua bukatuta egotea li­tzateke asmoa, «beti ere auzotarrei ahal den endredurik txikiena eraginez».
Bigarren fase horretan egingo diren lanik garrantzitsuenetako batzuk, hauexek: 19 zenkakiko etxeko ur zikinak biltzeko hodia ponpatze estazioraino pasatzea, hegoaldeko sarrerako arranplaren alde batean espaloia eta bestean eskailerak egokitzea, kanal bazterreko hesia berritzea eta auzuneko urbanizazio lanak osatzea.
Bigarren faseko inbertsioa 252.800 euro ingurukoa izango da. Oraingoz Gipuzkoako Foru Aldunditik 17.400 euroko diru laguntza ziurtatuta dago eta Ereñotzuko Auzo Udalak 2015eko bere aurrekontutik eta 2014ko gerakinetatik 180.000 euro inguru jarriko ditu. Inbertsioaren kopurua osatzeko Hernaniko Udalak mailegu bat egingo dio Ereñotzuko Auzo Udalari. Mailegua 2016ko aurrekontutik itzuliko du Ereñotzuko Auzo Udalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!