Sorpresa izan omen da, baina Promozio Txapelketa irabazi berri duzu Otaegirekin batera. Zuek ere harritu al zarete?
Bagenekien ez ginela faborito, lehenengo partidua galdu egin genuen gainera, baina gure aukeretan sinesten genuen eta aukera horietaz baliatzen saiatu ginen. Sorpresa izan bada ere, ez gaitu inondik-inora harritu, partidu guztiak jokatu egin behar baitira.
Atzeko koadroetan zerorrek egindako lana ere goraipatua izan da. Aurrez prestatutako estrategia izan al zen?
Lehen partiduan, frontoi berria izanik, ez nintzen batere gustora sentitu, baina ondoren jokatutakoetan hobeto jartzen nintzen pilotara, eta ongi kolokatutakoan min gehiago egiten duzu beti.
Otaegirekin ere ondo moldatu zarela dirudi. Asko aldatzen da jokoa bikotearen arabera? Norekin moldatzen zara hobeto?
Elkarrekin askotan jokatzen dugu eta badakigu bakoitzak nola jokatzen duen. Gero gauzak atera egin behar zaizkizu, baina oso gustora jokatzen dut berarekin.
Orain arte ez zara txapelketa ofizial askotan ibili. Zer moduz sentitu zara?
Txapela irabazitakoan beti sentitzen da bat ongi, nahiz eta partidu txarra jokatu.
Promozio Txapelketa honek aurrerantzean bultzada emango dizula uste duzu?
Ez dut horretan pentsatu, baina ez dut uste. Bost urte daramazkit profesionaletan eta 28 urte ditut; aurrerantzean txapelketa ofizialean parte hartzeko zortea baldin badaukat, pozik jokatuko dut.
2010ean debutatu zenuenetik, nahiko erregularra izan da zure jokoa. Zein dira zure alde on eta txarrenak?
2009an debutatu nuen! Abenduaren 19an... Nik uste, jokoan nahiz entrenamentuetan naizela erregularra. Alde txarrak lagunentzako utziko ditut.
«Sorpresa izan bada ere, ez gaitu inondik-inora harritu, partidu guztiak jokatu egin behar baitira»
«Etxeberria IIInarekin geratzen naiz, beti bere tokian jarrita dagoelako eta pilota txar asko eramaten dituelako»
Nolatan hasi zinen erremontean? Nondik datorkizu afizioa?
Txikitatik izan dut frontoirako afizioa, hasieran eskuz, eta 16 urterekin hasi nintzen erremontean. Osaba Joxe Manuelek esaten zidan beti erremontea probatzeko, ez nuela eskuetako minik edukiko eskuz bezala. Beraz, esan dezaket berak duela ni erremontean hasi izanaren errua.
Afizio ofizio bihurtzea zaila ikusten duzu?
Afizio bat ofizio bihurtzea beti da zaila, baina erremontean aritzeko ilusioz gaude. Honekin jendea frontoira joatea animatzen dut, modalitate hau ezagutzera eta zergatik ez, baita probatzea ere, hemen bakarrik egiten dugun gauza baita.
Amesten duzu partidu jakin bat jokatzearekin? Baduzu erremontista faboritorik?
Txapelketa nagusiko finala jokatzea izango litzake amets bat, berdin zait norekin eta noren kontra. Koteto Ezkurrak, ongi dagoenean, oraindik ere zirrara eragiten du, baina, ni atzelaria izaki, Etxeberria IIInarekin geratzen naiz, beti bere tokian jarrita dagoelako eta pilota txar asko eramaten dituelako.
Zein helburu dituzu denboraldi honi begira?
Partiduz partidu ongi jokatu eta mailaz igotzea izan liteke helburuetako bat.
Osteguneko emaitza:
Matxin VI-Labaka 26
Otaegi-Zubiri 35
Gaurko partidua:
Arratsaldeko 16:00etan hasita, 3garren partdiua:
Uterga-Zubiri/Otaegi-Ion