Bizikleta martxa eta flashmoba, Korrika girotzeko

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 14a

Egun osoko festa egingo da gaur Astigarragan, Korrika 19 iristen denerako guztia prest edukitzeko eta giroa jartzen hasteko; Txirrindulari mar­txa, kontzertua, flashmobaren grabaketa, merienda, mu­rala osatzeko argazkiak atera­tzea...

Bizikletan buelta, herrian barrena
Eguna hasteko, txirrindulari martxa egingo da, goizeko 11:00etan Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. Nahi duten guztiek hartu dezakete parte; bizikletak helioz betetako globoekin apainduko dira, eta ibilbide bat egingo dute Korrika 19ko abestiak girotuta.
Bueltarekin bukatutakoan parte hartzaile guztiekin ar­gaz­ki erraldoi bat aterako da.

Arratsaldean, musika
Korrikan musikak beti izaten du garrantzia. Aurtengo kantua Denok Korrikara izango da, eta arratsaldean flashmoba grabatuko da kantuarekin. Horren aurretik, entsaioa egingo da kiroldegian, 16:15etan.
Gero, kontzertua emango dute Norberto Almandoz musika eskolako Ttakun taldeko kideek; Korrikarekin lotutako kantuak joko dituzte, bereziki, 17:00etan hasita. Jarraian grabatuko da flashmoba, eta 17:30ak inguruan, Xaguxar taldeak antolatuta, merienda banatuko da.

Argazkiak ateratzeko postua, murala osatzeko
Bestalde, arratsaldeko 17:00e­tan postua jarriko da, argazkiak atera eta Korrika pasa­tzen den egunerako mural bat osatzeko.

Asteazkenean, Korrika Txikia
Korrika gaur zortzi, hilaren 21ean pasako da Astiga­rra­gatik, 11:00ak aldera, eta ondoren, kantu bazkaria egingo da.
Korrika ofizialaren aurretik, ordea, Astigarragako Herri Eskolako ikasleak aterako dira kalera, asteazkenean; bi urtekoak, 11:15etan, eta besteak, 14:45etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!