«Burdindegia gure bizitzaren parte da, asko eman digu eta asko ikasi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 14a

Jubilatzeko ordua iritsi zaio Arantxa Santa Kruzi. Urumea burdindegiko mostradore atzean ezagutu dute hernaniar gehienek, bata urdina soinean duela. Urumea Burdindegiak 70 urte inguru egin ditu hernaniarren zerbitzura, eta udaberrian iritsiko zaie ateak ixteko garaia. Hernani asko aldatu da ordutik ona; eta baita ere hernaniarren erosketa modua eta beharrak ere. Denetatik bizi izan dute ha­markada hauetan: garai onak eta ez hain onak, notizi ederrak, anekdotak... Horietako asko bildu ditu Kronikak, Arantxa Santa Kruz eta Pili Odriozolari egindako elkarrizketan.

Udaberri aldera itxiko ditu ateak Urumea Burdindegiak. Erraza izan al erabakia?
Jubilatzeko garaia iritsi zait, eta horren ondorioa izan da erabakia. Pili Odriozola eta Arantxa Galdeanori eskaini nien ja­rrai­tzeko aukera. Ba­koi­tzaren beharrak ordea, ezberdinak ziren. Lokala ez da gu­rea, alkilatua dugu eta jarraitu nahi zuenak, obra haundia egin beharra zuen. Garai be­rrietara egokitu beharra dago lokala, eta egoera aztertu ostean, ixtea erabaki dugu.

Errenta zaharren inguruko lege berriak izan al du eraginik erabaki horretan?
Ez. Egia da garai bateko errenten legea aldatu egin dela, eta urte hasieratik igo egin dela. Baina gure kasuan behintzat, aldea ez da hainbestekoa izan.

Atzetik aurrera historia eginez hasiko gara. 1940 hamarkadakoak dira dituzuen aurreneko dokumentuak. Nolakoa zen orduan Urumea Burdindegia?
Aiton-amonek jarri zuten martxan negozioa. 1949ko errezibo zahar bat gordetzen dugu, 1947ari erreferentzia egiten diona. Hori da dugun zaharrena. Aurreneko erreforma 1965­ean egin zen, eta orduan ere, aiton-amonak egoten ziren. Azken urte haietan ni ere hemendik ibiltzen nintzen, zer suma. 13 bat urte izango nituen orduan, eta mostradore atzean baino gehiago, ate atzean egoten nintzen, nola saltzen zen ikusten. Aitona hil zenean, amonarekin ni hasi nintzen lanean, 1967 ingurua zen hura.  

Azken hamarkadetan hiru lagun aritu zarete mostradore atzean. Zu nagusia, Pili eta Arantxa.
Urte asko egin ditugu elkarrekin. Pili 16 urte ingururekin hasi zen lanean, 1976 urte inguruan. Orduan gainera, proba moduko bat egiten zuten. Hiru hilabete inguru izaten zituzten ofizioa ikasten hasi, eta guk nola moldatzen ziren ikusteko. Ordurako amona jubilatua zegoen. Baina hemen ibiltzen zen bueltaka, relaciones publicas lanak eginez... Arantxa beranduxeago hasi zen, 1986 inguruan. Tartean beste langile batzuk ere izan ditugu, baina aipatu dituzun hiruak aritu gara urte luzez Urumea burdindegian.

Zer eskatzen zuten gehien urte haietan?
Ofizioei begira egiten genuen lan asko: arotzak, igeltseroak, elektrizistak, baserritarrak... hauek zituzten beharrak ku­britzen genituen. Orduan sal­tzen ziren: ateetako burdineria, atxurrak, eskoareak, alanbre sarea... Etxe bat monta­tzen zuenak ere, hemen erosten zituen gauza asko: lanparak, bonbilak, entxufeak... orain asko aldatu dira gauzak.

Noiz hasi zen aldaketa hori?
Batez ere 90garren hamarkadatik aurrera nabaritu genuen. Orbegozo itxi zutenean, denean nabaritu zen. Taller txiki askok Orbegozoren bueltan egiten zuten lana, eta bolumena gutxitu ahala, denean nabaritu zen.

Orduan ere krisiaz hitz egiten zen.
Krisi garaiak izan ziren haiek ere. Egia da, denboran ez zuela gaur egungoa bezain beste iraun. Urte gogorrak izan ziren ordea. Herritar asko geratu ziren lanik gabe, eta hori zen­tzu guztietan nabaritu zen.

Herritarren beharrak eta bizimodua asko eboluzionatu dira urte guzti hauetan.
Hainbeste urte mostradore atzean lan egin dugunok asko nabaritu dugu eboluzio hori. Lehen etxeko gauzei garrantzia haundia ematen zitzaien; orain hau hobetuko dut, bestea konpondu, hau berritu... Pix­kanaka egite hori, ohitura bera galtzen joan dela esan liteke. Orain beste modu batera bizi gara. Eta aldaketa horretan, aisia lekua irabaziz joan da.

Teknologian ere sumatuko zenituzten aldaketak. Aurrerapen asko eman al dira?
Ikaragarri. Eboluzioa ia etengabekoa izan dela esan daiteke. Kafeterak dira horren adibide. Portzelanazkoak ere sal­du izan ditugu, pentsa! Kafe­te­ra italiarra, gero expresa, melitak deitzen zirenak... Orain kap­suladunak daude.

Erosketa ohituren aldaketak ere sumatuko zenituzten azken hamarkadetan: poligonoetan ireki dituzten burdindegi haundiak...
Dena aldatuz joan dela esan daiteke. Lehen Kale Nagusian kotxeak ibiltzen ziren atzera eta aurrera, eta erosketaren bat egin nahi zuena denda aurrera etortzen zen kotxearekin. Lehen, gremioek batez ere, pisu askoko gauzak erosten zituzten. Gero oinezkoen­tzako kale izatera pasa zen. Eta poligonoetan burdindegi haundiak ireki zituzten... Hara kotxearekin joan daiteke, denda atariraino, eta gremioek denetatik dute bertan. Kooperatibak ere ireki zituzten, baserritarren lanabesak eta beste hainbat gauza sal­tzen zituztenak... Eta normala den moduan, jendea bertara joaten da.

Internet bidezko erosketek minik egin al dizue?
Etxeko tresneria txikian zerbait nabaritu dela esan liteke. Lehen aipatutako kafeterak eta beste hainbat tresneria... Ohiturak aldatu egin dira.

Zuek baduzue ordea plus bat, aurreko guztiek ez dutena. Herriko komertzioa izatea, txikia, gertukoa...
Bai, eta nortasun hori mantentzeari garrantzia eman diogu beti. Egunero bezeroarekin egiten duzun tratua berezia da. Herritarrek lasai galdetzen dute, laguntza eska­tzen dute... Konfiantza sortzen da bien artean, eta erlazio hori ia lagunarteko ere bihur­tzen da kasu batzuetan.

Urumea burdindegiak ateak ixten dituenean beraz, sumatuko da hutsunea herrian.
Pena da bezeroek behin eta berriz aipatzen diguten hitza. Askorentzat Urumea burdindegi bat baino zerbait gehiago izan da... Askotan esaten digute: hona etorri naiz, zuek denetatik izaten duzuelako, eta bestela, non lortu dezakedan esaten didazuelako... Eta orain, nora joango naiz?

Hori entzunda, beste zalan­tza bat. Nola ulertzen diozue eskean etorri, eta halako esaldiak esaten dituztenei: zera, hori behar dut, bai, begira, gauza hori...
Ulertzen ere ikasi behar izan dugu. Horrekin lotutako anekdota asko ditugu... Behin etorri zitzaigun bat mekromina eskatuz... Eta guk erantzun, hemen ez genuela mekrominarik saltzen.. eta berak baietz, mekromina behar zuela, eta aurrekoan ere hemendik eraman zuela... Galdezka-galdezka, zertarako behar zuen etab. galdetuz, konturatu ginen eskatzen ari zena barandatua pintatzeko pintura zela. Hau da, minio bezala ezaguna zen produktua behar zuela... Handik aurrera, sartzen den guztietan izaten dugu saltsa... gaurkoan aspirinak behar al dituzu? galdetu izan diot.

Etxe bakoitzean gauza berari diferente deitzeko ohitura hori egia da beraz....
Noski! zer esango dizugu ba guk... Loctite esateko dozenaka modu entzun izan ditugu: otite, otitis... 20 modu baino gehiago bai!

Anekdotak Urumea Burdindegiaren historian geratuko dira, beste hainbat pasarte eta bizipen bezala. Bizitutako guztiaren balorazioa positiboa al da?
Oso-oso ona. Gure amona ze­nak esaten zuen moduan, urte onak eta ez hain onak bizitu ditugu. Bizitza, azken finean, hori da. Burdindegia gure bizitzaren parte izan da. Asko eman digu, eta asko ikasi dugu. Eta ikasitako hori erakusten ere saiatu gara, jasotakoa ematen. Balorazioa positiboa da zalantzarik gabe.

 

Errenta zaharretan aldaketa, urte hasieratik

Kontratu hauek 1985eko maiatza baino lehen sinatu ziren.

2015eko urtarrilaren 1ean bertan behera geratu ziren errenta zaharra zuten kontratu asko. Errenta zaharra zuten kontratuak 1985a au­rretik sinatu ziren, eta urte guzti hauetan orduan adostutako baldintzak man­tendu dituzte. Kon­tratu hauen ezaugarri nagusia da garai bateko alokairu bera mantendu izan zaiela.
1994an moratoria edo lu­zapen bat egin zitzaien erren­ta zaharrei; ‘Boyer de­kretu’ gisa ezaguna egin zen erabakia. Moratoria 20 ur­tekoa zen, eta beraz, 2014­ko abenduaren 31an bukatu zen. Amaiera hau medio, Euskal Herriko komertzio askok errenta berriak negoziatu behar izan dituzte lokalen nagusiekin.
Eusko Jaurlaritzako Ikus­­­mer behatokiak egin­da­ko ikerketaren arabera, Gi­puzkoan lokalen %5ak zuen errenta zaharra 2012an. Horietako kasu ba­tzuk, Hernanin bertan.

Dekretu honek errenta zahar guztiei eragiten al die?
1994an onartutako ‘Boyer De­kretuak’ ez die errenta za­har guztiei eragiten; ko­mer­tzioen kasuan, izaera juridikoa dutenei eragiten die, eta ez pertsonekin egin ziren kontratuei. Azken kasu hauetan, kontratua bukatuko da pertsona hori jubila­tzen denean edo hil­tzen denean. Beste salbuespen batzuk ere badaude. Ho­rietako bat da lokala 1985eko urtarrilaren 1a eta 1995eko urtarrilaren 1 artean eskuz aldatu izana. Kasu honetan esaterako, errenta zaharra 2020ko urtarrilaren 1ean bukatuko da.

 

«Gabonetako loterian 600 milioi pezeta banatu izana bonbazo bat izan zen»

Gabonetako loteriaren 4garren saria banatu zuen Urumea Burdindegiak 1994an. 300 pezetako partizipazioak saldu zituen, eta 300.000 pezetako saria jaso zuen bakoitzak. Hernanin herritar ugari izan ziren sarituak.

1994 urteko abenduaren 22a zen. Telefonoak jo zuen Uru­mea burdindegian. Notizi onak beste aldean: loteria tokatu da! Egun hura bonbazo gisa gogoratzen dute Arantxa eta Pilik. Urd­ur­ita­sunarekin gogoratzen dute, ha­sie­ran zifra gorabehera asko izan zirela diote biek: «laugarren saria zela esan ziguten, baina garai haietan, dirutan, ez genekien zenbat izan zitekeen hori. Hasieran, partizipazioko 300 pe­zeta zirela esan ziguten. Notizi ona zen, tokatzea beti baita ona, baina ez zitzaigun gehiegi iruditu... gero 30.000 pezeta ote ziren... eta azkenean 300.000 pezeta izan ziren partizipazioko. Kristona izan zen hura... diru asko zen garai haietarako».
18.254a izan zen zenbaki saritua, eta Hernaniko etxe askotan tokatu zen. Herrira poz asko ekarri zuela gogoratzen dute Arantxa eta Pilik: «kalean, tabernetan, salmentetan... eguneroko bizimoduan asko nabaritu zen, poza ematen zuen. Askok komentatu ziguten diru horrekin sukaldea aldatu zutela, edo leihoak... justu zebilenarentzat laguntza haundia izan zen... Errege haiek opariz gainezka etorri ziren».
Ez da Urumea Burdindegiak historian eman duen sari bakarra izan, eta askorentzat Ga­bonetako loteria erosteko gotorleku bihurtu da geroztik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!