Hernaniko paletariek maila bikaina dutela erakutsi dute. Izan ere, Euskal Herriko elite mailako finalerdietan hiru hernaniar aritu dira lehian: Ariane Arrieta, Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena. Eta horietako bi aurrez aurre aritu dira finalean; Arrieta, Aristorena nafarrarekin, Irazustabarrena eta Saez gasteiztarraren kontra. Txapela, noski, Hernanira etorri da: Arrieta-Aristorena 30 / 28 Irazustabarrena-Saez.
Arrieta pozik geratu da emaitzarekin: «txapela oso gustora jantzi dugu!».
Elite mailakoa ez da nolanahiko txapelketa. Nola moldatu zara?
Partidu guztiak gogorrak izan dira, borrokatuak. Finalerdia ere gogorra eta luzea izan zen, eta baita finala ere! Baina hasieratik ondo moldatu gara.
Aurkaria, Irazustabarrena, ezaguna izateak lagundu du?
Gauza onerako, gehiegi ezagutzen dugu elkar! Zaila izan da bere aurka jokatzea, batak bestearen teknika ezagutzen baitugu.
Eta Saezekin ondo ibili zara?
Hasieratik ulertu dugu ondo elkar, ondo komunikatu gara eta txapelketan gustora aritu gara. Asko lagundu dit.
Txapela irabaztea espero zenuten?
Ez nuen uste iritsiko ginenik, pareja guztiak oso orekatuak baitziren. Baina azkenean, borroka egin, eta irabazi egin dugu! Txapela oso gustora jantzi dugu! Eta Euskal Herriko paletari onenekin jokatzea kristona izan da!
Orain GRAVNI txapelketa prestatzen ari zara. Nola joango dela uste duzu?
Oraindik ez dakigu nork non jokatuko dugun, txapelketak aurrera egin ahal zehazten baitugu. Baina Euskal Herrian betikoak aritzen gara, eta ezagutzen dugu elkar. Esperantza badaukat, izan ere, Gipuzkoan maila onean gabiltza. Ea irabazterik daukagun!