Talde gaztea da Meltdown, baina ari da bidea egiten. Gabonen bueltan Haidarock Banda Lehiaketa antolatu zuen Hernaniko Haida tabernak, talde berriei tokia egiteko asmoz, eta Meltdownek irabazi zuen. Horri esker, lanean segitzeko prest daude Iñigo Labate hernaniarra (19 urte; bajua), Mikel Amundarain hernaniarra (17 urte; gitarra), Bittor Herrero hernaniarra (19 urte; bateria) Julen Aduriz ergobiarra (16 urte; gitarra) eta Julen Sarasua urnietarra (19 urte; ahotsa).
Haidako Banda Lehiaketa irabazi duzue. Pozik?
Oso pozik gaude bai, poz haundia hartu genuen emaitza jakin genuenean. Lehiaketa ederki joan zen, bakarrik jotzen genuen lehen aldia izan zen eta ez genuen jende asko espero, baina taberna bete egin zen eta primeran pasatu genuen. Haidak eskaini zigun tratua ere oso ona izan zen, oso eroso sentitu ginen.
Eta saria, 400 euroak, zertarako erabiliko dituzue?
Dirua aurrezteko asmoa dugu, gure lan berria finantzatzeko oso ondo etorriko zaigu eta.
Gazteak zarete, eta indartsu hasi zarete. Baina, nola ikusten duzue musikaren panorama?
Zailtasunak asko, laguntzak gutxi. Cohen taldeak esan zuen bezala, minoria batentzako egiten dugu musika. Gainera metal munduko jende asko talde “haundien” kontzertuetara soilik joaten da, eta ez du talde berrien aldeko apustua egiten. Ingalaterra bezalako herrialdeekin alderatuta, Euskal Herrian ez dago kontzertu eta musika kultura hori, eta horrek talde berriak kaltetzen gaitu. Lan handia egin beharra dago alor horretan.
Nola bizi duzue zuek musika?
Guretzako musika denbora pasa bat baina gehiago da. Diru eta denbora asko inbertitzen dugu honetan eta sakrifizio ugari egiten ditugu taldea aurrera eramateko. Honekin hasi aurretik, ez genuen uste honelako lana eskatzen zuenik musika talde batek. Taldeaz aparte, denok musika eszenako kideak gara, eta kontzertu askotara joaten gara. Gutako batzuk Donostiako Mogambo aretoan ere laguntzen aritzen gara. Batzuontzat Meltdown da orain bizi-proiektu nagusia, ilusio gehien ematen diguna.
Noiz sortu zenuten? Nolatan?
Proiektu hau 2013 urtearen erdialdean sortu genuen, hasieran Meltdown osatuko genuen kideak Cohen taldearen emanaldi batera joan ginenean. Emanaldiak txundituta utzi gintuen, eta horrek motibatu gintuen talde hau sortu eta aurrera eramateko.
Eta izenak ze esanahi du?
“Kolapso” esan nahi du ingelesez. Guretzat ez du esanahi berezirik, izena, batik bat, gure lehen kontzertua eskaini behar genuelako hautatu genuen, eta azkar aukeratu behar izan genuen. Taldekideok elkartu eta ideiak botatzen hasi ginen, eta azkenean Meltdown aukeratu genuen, gehien gustatu zitzaiguna izan zelako.
Hardcore metal talde bat zarete. Zein dira zuen erreferente?
Gure musikak Hardcore eta Metal estiloen hainbat elementu nahasten ditu. Oso musika estilo zabala da eta soinu desberdin asko aurki daitezke, baina normalean musika azkarra eta pisutsua izan ohi da. Denok ditugu milaka erreferentziazko talde, eta horiek zehaztea ia ezinezkoa izango litzateke, Architects eta While She Sleeps, esaterako.
Zuen aurreneko lana da Meltdown EPa. Nolakoa izan da prozesua?
Lan hau 2014ko uztailean argitaratu zen. Grabaketa, nahasketa eta masterizazioa Alvaro Remacharen (Ex-Materia, 3797) esku utzi genuen, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Asko ikasteaz gain, Alvaroren inplikazioari esker emaitzak espero baino hobeak izan ziren. Gero, EPa gure kabuz argitaratu genuen, eta kritika onak jaso ditu orokorrean.
Nolakoa da? Non erosi liteke?
Gure lehen EPa lan motz bat da, 5 kantez osatutakoa. Hauek desberdinak dira beraien artean, soinu desberdinak bilatu genituen konposaketan eta taldekide gehienok inoiz sortu ditugun lehen abestiak dira. Lan hau gure kontzertuetan, Bandcamp-en, gure sare sozialetara idatziz edo taldekideoi eskatuz lor daiteke, 3 euroan.
Ze gai lantzen dituzue?
EP honetan ez dugu gai finkorik landu baina gaiak kritika sozialetatik esperientzia pertsonaletara doaz.
Eta ze hizkuntzatan?
Ingelesez. Gure talde gogokoenek horrela egiten dute, eta horrela egiten zaigu erosoen, modu naturalean atera zaigu.
Proiektu berririk baduzue?
Printzipioz, udara arte EPa aurkezten arituko gara Euskal Herrian, eta Espainiara jotzera ateratzeko asmoa ere badugu. Datorren kurtsoari begira, lan berri bat grabatzeko asmoa dugu, lortu dugun esperientziari esker aurrerapauso nabarmen bat ematea espero dugu.