Sagarrak more bihurtuko dira bihar. Hernaniko Bilgune Feministak sagar moreen iraultza deitu du, eta manifestazio-okupazio feminista egingo du Plazatik abiatuta: «kaleak beltzez jantzitako emakumeez beteko dira, eta gaua eta jaia danbor hotsez eta feminismoz jantziko dugu». Azaldu dutenez, jai giroan, tabernan, txoznan, sagardotegi eta kaleetan normaltzat hartzen diren eraso sexista gehiegi gertatzen dira, eta nazkatuta daude: «sistema hetero-patriarkalaren ideologia sartuta dago gure baitan, eta aisialdian eta harremanetarako moduan ere erakusten ditu bere hatzaparrak. Emakumeen kontrako biolentzia gure askatasuna mugatzen duen arma da eta aske bizi nahi dugu».
«Lasai ibili nahi dugu»
Sagardotegi garaia gustoko dutela azaldu dute, eta baita festa ere. Eskatzen dute lasai ibili ahal izatea: «lasai ibili nahi dugu, gauez, kalean zehar, edonon! Manifestazioa, nazkatuta gaudelako eta eremu guztietan aske bizi nahi dugula adierazi nahi dugulako. Okupazioa, geureak ere badiren espazioak, giroak eta orduak geureganatuko ditugulako. Ez gara konformatuko beldurrez eta biktima gisa bizitzera».
Emakumeak, protagonista
Hori horrela, manifestazio okupazioa egingo dute bihar, gaueko 21:00etan Plazatik aterata: «emakumeak protagonista diren manifestazioa izatea nahi dugu. Gizonak etorri daitezke, baina ez dira protagonista izango. Gonbidatu nahi ditugu egoera, jatorri, adin ezberdinetako emakumeak, eraso guztietaz nazkatuta daudenak. Jantzi beltzez eta etorri!».
Bideo bat ere prestatu dute deialdia eginez. Ikusgai, hemen.