Eskola kirola egitasmoak urteak daramazki Hernanin eta azterketa bat egiteko asmoz, Hernaniko Hezkuntza Plataformak saioa antolatu du gaur. Eskola bakoitzeko ordezkariak eta prozesuko aholkularia elkartuko dira, 19:00etatik aurrera, Udaleko areto nagusian; eta interesa duen herritar guztiak gerturatu daitezke saiora: «kirol eragile eta herritar guztiak daude gonbidatuta, solasaldi-tertulian parte hartzera».
Aldaketak, azken urteetan
Gaztetxoen kirol heziketa indartu eta bultzatu nahian hainbat aldaketa egin dira azken urteetan: «landu dira: kirol aniztasuna, errespetua, lagunartean aritzea, elkarbizitza, parekidetasuna eta abar. Orain urtebete foro berria sortu zen, helburuak eta irizpideak finkatu nahian. Asmoa da, hilero biltzea». Azaldu dutenez, lehiakortasun sutsua alde batera utzi nahi dute, eta parekidetasuna, bizikidetza eta bestelako baloreak indartu.