«Alternatiba badago, badugu eta denon konpromisoa ezinbestekoa da»

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 12a

Hernaniko EH Bilduk herritar guztiak gonbidatu ditu larunbatean Bilbon eta Iruñan egingo diren manifestazioetan parte hartzera. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat egin du EH Bilduk, eta baita bertan jaso eta aldarrikatzen diren aldaketa sozialekin ere.
EH Bilduk Kronikara bidalitako oharrean dio, egungo eredu politiko, sozial eta ekonomikoak ez duela Euskal Herriak eta herritarrok behar eta nahi dutena ordezka­tzen: «aldaketaren bidea marrazten ari da herriz herri, auzoz auzo, eta herritarron partehartzearekin. Euskal Herria da euskal herritarron eskubideak bermatzeko subjetu burujabea, eta alternatiba hor kokatzen da. Alternatiba badago, badugu eta denon konpromisoa ezinbestekoa da».
Aldarrikapen hauen harira, EH Bilduk dio larunbateko hi­tzord­ua garrantzitsua dela: «Eusk­al Herriko bestelako ere­du sozial eta ekonomikoa aldarrikatzeko zita da. Ezin dugu huts egin, ezin diogu Euskal Herriari eta bere etorkizunari bizkarra eman. Kolore anitzeko Euskal Herri anitz baten alde, denok kalera. Aldaketa sozialaren alde. Alternatiba badugu».
Bilbora joateko autobusa an­­tolatu dute Burun­tzal­dea­tik. Atsegindegitik 15:00­etan ate­rako da, eta  lekua hartzeko LABekin jarri behar da harremanetan: 943 33 60 62, hernani@lab.eus edo Andre Kaleko egoitzan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!