Herri kirol desafioak, bertsoak eta gehiago, Mirentxin gidarien alde

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 10a

Desafioz gainezka dator Hernaniko 3 orduak ekimen berria. Mirentxin gidariek antolatu dute, presoen senideak espetxeetara eramateaz arduratzen diren kideek. Arratsalde pasa ederra egiteko aukera jarri dute, datorren larunbatean, hilaren 21ean, Hernaniko pelotalekuan.

Herri kiroletan, onenak
Goi mailako kirolari askok hartuko dute parte 17:30etatik aurrera izango diren desafioetan. Aizkoran, Olasagastik erronka zaila izango du Esnal eta Larrañagaren kontra. Harria jasotzen, Haimar Irigoien eta Telleria ariko dira zein baino zein; erakustaldia berriz, Idoia Etxeberriak emango du. Sokatiran, herritarren artean izango da desa­fioa: Hernaniko gazteak eta ‘helduak’, aurrez aurre. Pelota partiduan frontoiak betetzen dituzten lau haundi: Mikel Goñi eta Juantxo Koka, Ojuel eta Aizpitarteren kontra. Bertso doinuak Unai Gaz­telumendi eta Eli Pagolarenak izango dira. Bideo emanaldia izango da desafioen tartean. Eta apustuak, barra eta giro ona ez dira faltako!

Sarrerak, salgai
Hernaniko 3 orduak ikustera gerturatu, eta Mirentxini lagundu nahi dieten guztiek salgai dituzte sarrerak. 10 euroan erosi daitezke Onddi, Aralar, Garin eta Rioja tabernetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!