Emakumeen Egunarekin bat, herritar ugari atera zen atzo kalera, emakumeen eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzera. Euskal Herriaren burujabetza feministarantzat lelopean, Marijira egin zuten, Berdintasun Kontseiluak eta Bilgune Feministak deituta. Euskal Herria feminismotik eraiki behar dela adierazi zuten: «Feminismoaren sokari eutsi eta gizartea eraldatzeko ordua da. Orain da momentua!».
Euskal Herriko adineko eta pentsionisten plataformetako emakumeek ere bat egin zuten deialdiarekin eta ozen adierazi zituzten euren aldarrikapenak: «Ezkutuko langileak izan gara, eta jubilazio adinera iritsi gara eskubide propiorik gabe. Gure lana ikusezin bihurtu da gizarte honetan. Hori horrela, bat egiten dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunarekin. Eta honakoa eskatzen dugu, besteak beste: gure lanaren errekonozimendu soziala eta ekonomikoa; emakume guztiek legez izatea eskubidea pentsio propioak izateko eta ez izatea 1.000 euro hilabeteko baino bajuagoak; emakume alargun guztiek izatea bikoteak zeukan oinarri arautzailearen %100 jasotzeko aukera; Euskal Herriak Menpekotasun eta Autonomiako Lege propioa izatea; emakumeonganako eraso, irain eta gutxiespen mota guztiekin bukatzea». Poteo feminista egin zen ondoren.