Garai bateko edo antzinako musikaz gozatzeko aukera izango da ostiralean. Hernani’n Musik ekimenaren barruan, Secretum taldearen emanaldia antolatu dute. Errenazimentu eta Barroko garaietako lan adierazgarrienak gaurko ikusleei hurbiltzea da talde honen helburua. Iluntzeko 20:00etan izango da, Agustindarren elizan. Sarrera debalde da.
‘Lachrimae’ emanaldia
Emanaldiari, Lachrimae izena jarri diote. John Dowlanden Lachrimae, Errenazimentu berantiarreko lan instrumental nagusi eta enigmatikoenetako bat da. Beheranzko lau notarekin abiatzen den kantu batean oinarrituta dago, Flow my Tears izenekoa; eta erretorika musikalaren arabera, lau nota horiek malkoen isurketa irudikatu ohi dute. Kantu horretan oinarrituta, zazpi bariazioko ziklo bat konposatu zuen Dowlandek. Latinezko izenburuak jarri zizkien, eta “zazpi pabana apasionatu” gisa definitu zituen.
Taldekideak, sona haundiko taldeetan
Secretum taldearen izena, Francesco Petrarcaren lan batean oinarrituta dago. Taldekideak, egitarauaren arabera aldatu egiten dira, baina sona haundiko taldeekin elkarlanean jarduten dute guztiek, hala nola, Durendal, La Galanía, Los Músicos de Su Alteza...
Taldekideak: Iñigo Casalí (flauta errenazentistak, ahotsa), Sergio Barcellona (viola da gamba), Laura Álvarez (viola da gamba), Sorkunde Idigoras (viola da gamba) eta Paulino García (laute errenazentista, viola da gamba).