Ipuinen faktoria jarri du martxan Dobera elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 7a

Ahoz kontatzeko mo­duko ipuina argitaratuko du Dobera Euskara Elkarteak apirilean, euskal kontalarien ba­li­a­­bide estilistikoak erabilita. Irudiak, berriz, Alai Zubimen­di­renak izango dira. Uru­mea errekako artzainei ikasitako ipuina kontatuko da. Liburua argitaratzeko auto-finantzazio plana jarri du martxan Doberak; 20na euroko partizipazioak erosi daitezke, hilaren erdialdera arte.

Ipuinen faktoriako aurreneko alea, apirilean
Dobera Euskara Elkartearen as­moa da ipuinen faktoria martxan jartzea; apirilean argitaratuko dena izango da aurrenekoa, eta nahikoa babes lortuz gero, urtean hiruzpalau ipuin argitaratuko lirateke. Apirilean argitaratuko den alean, Urumea errekako artzainei ikasitako ipuina kontatuko da. Italian ere ezagutzen da istorioa, eta Euskal Herriko eta Italiako bertsioen nahasketa argitaratuko du Doberak.
Ipuin horiek lan­tzeko, elkarlanean ari da Dobera, Juan Karlos Alonsorekin, haur psikologian espezialista, eta baita Lahar Elkargoaren bi psikologorekin ere. Era berean, zahar egoitza batzuetan bizi diren adinekoekin probak egin dira, eta gustora hartu dute kontakizuna: «oso euskera goxoa iruditu zait, eta ezagutzen ez dudan hi­tzik ez dut aurkitu». Prota­gonistak hika ariko dira.

Partizipazioak erosi edo erreserba egiteko aukera
Aurreneko ipuina argitaratzeko auto-finantzazio plana jarri du martxan Doberak. Horrela, laguntza eman ahal izango da, ipuinen faktoria martxan jar­tzeko. Partizipazioak 20 euro balio ditu, eta eskubidea ematen dio erosleari ale bat erreserbatzeko, eta ipuineko lagun­tzaileen atalean lelo bat edo norbaiten omenez zerbait jar­tzeko. Gainera, ogasunean de­duk­zioa izango du.
Bestalde, partizipazioa erosi beharrean, aleak ere erreserbatu daitezke, Doberan bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!