Martxoak 8, Emakumeen Eguna da gaur eta Marijira egingo da 13:00etan, Plaza Berritik abiatuta. Hernaniko Berdintasun Kontseiluak eta Bilgune Feministak egin dute deialdia, Euskal Herriaren burujabetza feministarantzat! lelopean.
Ostegunean, prentsaurrean, halaxe azaldu zuten Bilgune Feministako kideek: «Sistema kapitalista heteropatriarkalaren krisi sakona bizi dugu. Euskal Herrian aldaketarako aukera irekitzen den honetan, feminismoaren sokari heldu eta eraldaketa soziala bideratzeko ordua da, orain da momentua! Iparra argi dugu, bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!». Proiektu feminista bat beharrezkoa dela gaineratu dute, «sexu bereizkeria eta zapalkuntza alor guztietan gainditzeko, eta pertsonen eta bizi garen inguruaren bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua eraikitzeko».
Bilgune Feministak hartutako konpromisoak, honakoak: «Euskal Herriaren burujabetza feministaren prozesua definitu eta ezaugarritzeko eztabaida bultzatea, eta eredu sozialaren eraldaketan eta alternatiben eraikuntzan feminismotik proposamenak lantzea. Lidergo feminista osatzeko indar egitea. Horretarako, batetik, subjektu feministen eztabaidan sakontzen jarraitu behar dugu, aliantza anitzak artikulatu ahal izateko. Bestetik, emakumeen antolakuntza eta ahalduntze politikorako espazioak sortzen jarraituko dugu. Bukatzeko, gune feminista iraunkorra martxan jartzeko gure konpromisoa azaltzen dugu».
Kurdistan eta bertako emakumeak ere izan zituzten gogoan, burujabetza eta antolakuntza feministaren eredu direla azalduz. Gaur, bertatik abiatuko da Emakume Mundu Martxa.