Astigarrako EAJ-PNV alderdiak egoitza zabaldu du, Kale Nagusian (5 zenbakia). Atzo aurkeztu zuen Jesus Mari Santos alkategaiak, prentsaurrean. Santosek azaldu zuen politika herritarren eskutik egin nahi dutela, inposizioetatik aldenduta eta astigartarren hitza kontuan hartuta: «Herritarrak bertara etortzeko, iritzia emateko eta proposamenak egiteko izango da egoitza. Astigarragatik eta Astigarragarentzako egin nahi dugu lan, herritar guztiak kontuan hartuz». Ekarpenak, hauteskundeetako programan sartuko ditu EAJ-PNVk.
Santosek nabarmendu zuen EAJ-PNV dela Astigarragako alternatiba bakarra eta bestelako Astigarraga eraikitzeko prest daudela: «Bilduk nola gobernatzen duen ikusi dugu. Ikusi dugu Udala nola erabiltzen duen etekin politikoa ateratzeko. Esaterako, gehiengoa aurka izan arren, atez atekoa inposatu du hondakinak biltzeko. Guk, inposiziotik eta etiketetatik urrun dagoen herri ireki eta tolerantea nahi dugu».
Hori lortzeko, egoitza berrira hurbiltzeko gonbitea luzatzen die elkarte, merkatari, enpresari, sagardogile, langile, langabe... guztiei. Ordutegia: astelehen eta asteazkenetan, 13:00-15:00; eta astearte eta ostegunetan, 18:00-20:30. Ordutegia moldatzeko aukera ere badago. Harremanetarako: 682 764 522 edo jesusmarisantos2015@gmail.com.