Xabier Olano Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak Hernani bisitatu zuen atzo arratsaldean. Luis Intxauspe Hernaniko alkate eta hurrengo legealdian karguan jarraitzeko hautagaiarekin eta Gobernu Taldeko zinegotziekin batera, legealdi honetan abian jarri diren zenbait ekimen ezagutu zituen. Bost tokitara egin zuen bisita taldeak, bost egitasmo ezagutzeko.
Garapen sozial eta ekonomikoa helburu
Xabier Olanok bisitatu zuen lehenengo egitasmoa, tokiko garapena landuko den gunea izan zen, Gabriel Zelaian dagoena, hain zuzen. Alkatearen eta zinegotzien eskutik entzun zituen egitasmo honen inguruko azalpenak: «Langabezian daudenentzat enplegua topatzen laguntzeko zerbitzua dago bertan, ekintzailetasuna eta enpresen sorrerarako eta elkarlanerako erreferentziazko gunea. Garapen sozial eta ekonomikoa helburu, lan eredu berriak sortu, garatu eta hezurmamituko dira bertan. Jada, gaur egun, abian dira Hernanirentzat eta eskualdearentzat hainbat proiektu estrategiko, besteak beste, Innoforo, Kooperatzen, Hernanikidetu eta Beteberritzen».
Uholdeen aurkako hainbat neurri
Karabelen egin zuten bigarren geldialdia. Bertan, Urumea gainean eraiki den zubi berria eta uholdeen aurkako neurriak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen diputatu nagusi izateko hautagaiak, udal ordezkarien ahotik: «Karabelgo zubia obra orokorrago baten lehen fasea izan da. Ondoren, etxe berriak eraikiko dira zubi berriaren altuera berean, auzoa uholdeetatik babesteko», azaldu zioten.
Inguru horretan, Aldundiak egindako Portu-Karabel oinezko eta bizikleten bide berria ere bisitatu zuten, bide zati hau ezinbestekoa dela azpimarratuz, Urnieta-Hernani-Astigarraga-Donostia lotura egiteko.
Oronako parke teknologikoa, garapenerako garrantzitsua
Oronako parke teknologikora ere hurbildu ziren. «Udaletxeak apustu haundia egin du gune esanguratsu hau abian jartzeko eta bertan enpresa erreferentzialak kokatzeko. Horretaz gain, bertan dugu ezagutza zentro garrantzitsua, MU Mondragon Unibertsitatea, alegia; zalantzarik gabe, gure herriaren jakintza eta garapenarekin lotutako funtsezko entitatea, beste batzuekin batera, eta hurrengo urteetan gure herriaren garapenean eragin haundia izango duena», nabarmendu zioten Udal ordezkariek Olanori.
Mugimendu feministak, espazio propioa Hernanin
Diputatugaia iazko martxoan inauguratutako Plaza Feministako egoitzan ere izan zen. «Mugimendu feministari espazio propioa eman zaio Hernanin, eta bertatik antolatzen dira parekidetasuna lortzeko, jendartean kontzientziazioa eta sentsibilizazioa zabaltzeko eta genero indarkeriaren aurka borrokatzeko ekimen guztiak», azaldu zioten.
HHZ, herritarrei udal zerbitzuak hurbiltzeko
Hernaniko HHZ, hau da, Herritarren Harrera Zerbitzua izan zen taldeak bisitatu zuen azken toki esanguratsua, kultur etxeko tertuliaren aurretik. «HHZ Udalak legealdi honetan burutu duen beste ekimen interesgarri bat da, hain zuzen, herritarrari udal zerbitzuak hurbildu, eta tramiteak erraztu nahi izan zaizkio. Udalak modernizazio prozesua hasi du zenbait neurriren bidez; bulego presentzial hau ireki eta ordutegia zabaldu du eta internet bidezko zerbitzua sendotu egin da hernani.eus web gunean. Azken finean, EH Bilduren ereduari jarraituz, helburua da Udala herritarrarengandik gertuago izatea eta herritarrek parte hartzea Udalaren jardunean», nabarmendu zuten.
Solasaldia, ondoren
Bisitaren ostean, solasaldia eskaini zuten Intxauspek eta Olanok. Ingurumenaz eta hondakinen kudeaketaz aritu ziren. Europak dioen bezala, 2016an birziklatze maila %60koa izan dadin, hainbat pauso ematen jarraitzeko asmoa du Diputazioak: «Herritarren eta hainbat herriren ahaleginari esker, Gipuzkoan %20tik %45 birziklatzera pasa gara. Hernanik eta beste hainbat herrik hartu duten bideari eskerrak. Bide horretan jarraitu behar dugu eta bide horretan etorriko dira tratamendu mekaniko biologikoko planta, hiru konpostatze planta eta Zestoako biltegia».
Alkateak azaldu zuen, Hernanin hondakinen gaia gainditua dagoela eta erronka harago doala: «Bizi ereduari lotua dago: energia berriztagarriak, elikadura burujabetza, lehen sektorea indartzea... Tokiko garapena eta eredu jasangarriagoa nahi dugu».
Berdintasunaren inguruan ere hitz egin zuten. Olanok legegintzaldi honetan hartutako erabaki bat nabarmendu zuen, oraintxe hartu berri dena: «Berdintasun Foru Araua onartu da lehenengo aldiz. Horrek esan nahi du, Diputazioaren aurrekontuaren %1a beti bideratuko dela berdintasun politiketara. 400 miloi eurokoa izaten da aurrekontua, beraz, kopuru garrantzitsua da».
Partehartzearen inguruan, alkateak azaldu zuen, aurrekontu partehartzaileen ekimena oso positiboa izan dela eta bide horretan jarraituko dutela. Olanok, Diputazioko Partehartze zuzendaritzak egindako lana goraipatu zuen: «Galdeketa asko egin dira eta egingo dira. Eta galdetu bakarrik ez, erabakitakoa errespetatu egiten dugu. Beste askok herritarrei galdetzearen inguruan hitz egiten dute, baina gero erraustegia besapean dakarte berriz, inori ezer galdetu gabe».
Iruzur fiskalaren aurrean, Diputazioak hartutako jarrera azpimarratu zuen Olanok: «Argigarria da Aberastasuna eta Fortuna haundien gaineko zerga Gipuzkoako diputazioak bakarrik izatea eta Soziedadeen gaineko zerga moldatu nahi izatea, irabazi haundiak dituzten enpresek %1a baino gehiago ordaindu dezaten».
Falcianiren zerrendaren kasuan ere, Diputazioak zorrotz jokatu duela argi utzi zuen.