Txapela jantzi zuen atzo, Aritz Zubiri erremontista goizuetarrak. Promozio Txapelketako finala jokatu zuen Otaegirekin batera, eta ondo nagusitu zitzaizkien Ezkurra II eta Labakari (35-26).
Oso zentratuta hasi ziren Otaegi eta Zubiri, eta hasieratik hartu zuten aldea markagailuan, 12 tantokoa. Eta horrekin, oso eroso aritu ziren partidu osoan. Alferrik izan zen gorrien azken saiakera, hurbiltzeko.
Bereziki nabarmendu zen goizuetarra, partiduko onena, atzeko koadroetan nagusi izanda Labakarekin lehian.