Urtarrilean Foru Dekretu bidez onartu zuen Aldundiak Itziarko Auzo Udalaren sorrera, eta pasatako ostiralean hauteskundeak iritsi arteko batzorde kudeatzailea eratu zen. Hori horrela, datozen hauteskundeetan itziartarrek beren Auzo Udalerako ordezkariak aukeratu ahal izango dituzte.
Hain zuzen, Auzo Udalak nola funtzionatzen duen ikusteko ereñotzuarrak bisitatu zituzten Itziarko 20 bat lagunek, lehengo larunbatean.
Ereñotzu ezagutzen
Bisita Epelen hasi zuten, aterpea auzo lanean nola eraiki zen ikusteko. Gero, Pagoagara joan eta Ugaldetxon hamaiketakoa egin zuten. Segidan, Ereñotzuko erdigunea eta Auzo Etxea ezagutu zituzten, eta Auzo Udala nola kudeatzen den azaldu zitzaien. Bisita Irrintzi tabernan bazkaldu ondoren bukatu zuten. Itziartarrak eskertuta agertu dira, eta festetan herri kiroletan aritzeko desafioa botata egin zuten alde.