«Jolas moduan, familia baserrian elkartzeko aitzakia bihurtu da sagardoa»

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 7a

Aspaldiko kontua da aranoarrentzat, sagardoa. Ia etxe guztietan egiten zen garai batean. «Materia prima bazegoen, eta horregatik egiten zen. Ur­teko edaria zen sagardoa!», azaldu du Jose Iñazio Salaberriak. Gaur egun oraindik ere mantentzen dute ohitura hainbat bor­datan. Tartean, Salaberriak, Mar­tze­nekobordan. «Aranoko tolare zaharrena gure etxekoa zen. Hitzaldi batean jakin nuen!».

Aitonaren birraitonaren tolarea
«Betidanik egin izan da sagardoa hemen. Orain 200 urte ere baziren tolareak inguru honetan denean, eta baita Goi­zuetan ere», dio Salaberriak.
Tolare horietako bat zen    Martzenekobordakoa, eta ez nolanahikoa, gainera! «Aito­na­ren birraitona, Juan Bautista Narvarte y Olaizola, zurgina zen. Hark egurrezko tolarea egin zuen. Nik ez nuen ezagutu, baina aitonak esaten du umetatik ezagutu zuela». Garai hartan egurrezko to­la­reak ohikoak ziren. Martze­ne­kobordakoak bi ardatz eta uztarria zituen. «Aitonak esaten du 3 mutil sartzen zirela bertan, eta pisoiekin jotzen zuten sagarra. Geroago ekarri zen sagarra txikitzeko makina.  Joaldiko 1.000 kilo sagar inguru, hau da, 3 karga, sartzen ziren. Orduan tolare haundia zen! Inguruko etxeetatik ere bertara joaten ziren sagardoa egitera. Gero bakoitzak bere etxean  jarri zuen tolarea». Pipiak jan zuela eta, baztertu egin zuten tolare zaharra, eta Leitzara saldu omen zuten, antikuarioetarako. «Kuriosoa da nola urteekin tolarearen balioa igo zen. Eskritura zaharretan azaltzen da 1891 urtean 150 pezetatan zegoela aseguratuta, eta 1932 urtean, 220 pezetatan!».

Ohiturak berreskuratzen
Tolare zaharra botata, berria ekarri zen Martzenekobordara, burnizkoa, eta ardatz bakarrekoa. «Hari barra bat sartu eta estutu egin behar izaten zen. Gero motor bat jarri genion».
Salaberria Martzeneko­bor­da­ra ezkondu zen, eta beste to­ki batzuetan sagarrarekin lana egindakoa zenez, etxean ere egin behar zutela pentsatu zu­en. Duela 8-10 bat urte hasi zi­ren be­rri­ro ere sagardoa egiten. «Oraindik sagastia badaukagu, eta sagarra saldu egiten ge­nu­en, Elo­rra­bira eta. Orduan pen­tsatu nuen pixka bat egin behar genuela etxerako ere. Beti eza­gu­tu dute, eta horrela hasi g­i­nen koinata, aitona eta hirurok». Udare sagarra, Goierri sagarra, Txalaka, Errege sagarra eta Txo­ri sagarra izaten dituzte etxe­an. «Erosi ere egiten dugu ba­­­tzuetan, Goikoetxea edo Ur­te­bi. Etxeko gehienak gezak izaten di­ra, eta errazago kontrolatzen da, gure kantitate txikietan. 1.200-1.500 litro inguru egiten di­tugu; bi barrika ditugu, bat 1.000koa eta bestea 500ekoa. Hauek inoxidablezkoak dira. Le­hen egurrezkoak izaten ziren, bai­­na hauekin hobeto egiten da lan, eta errazagoak dira garbi­tzen».

Naturala bada, sagar zaporea
Martzenekobordako sagardoa lehengoa bezalakoa dela dio Salaberriak. «Oraingo sagardo mundua horrelako baserrietatik sortu da, baina orain beste sagardo bat egiten da. Gurea da edan erraza, txinpartaduna eta sagar zaporekoa; noski, naturala bada! Nabarmena da berehala belztu egiten dela, izan ere, sagarra eta etxeko manipulazioa besterik ez ditu. Baina horrek ez du esan nahi sagardoa galdu egin denik. Itxura besterik ez da. Naturaltasun hori da ezaugarri nagusia». Sagardo hori lortzeko, lehengo eran egiten dute lan. «Sagardoa egin eta azukrea egiten denetik, aitonak esaten du 6 hilabetera botilaratzen zela. Prozesu bat kupelean eta bestea botilan gertatzen dira. Orain gehiago kontrolatzen dugu. Azukrea begiratzen diogu eta 4-5 hilabetera botilaratzen dugu. Aurtengoa urrian egin genuen eta orain botilaratu dugu. Onena da sagardoa ahalik eta gutxien mugitzea. Kolpean botilaratzea; hasi eta bukatu».

Ingurukoekin banatzeko edaria
Prest dute bada, aurtengo sa­gar­doa, Martzenekobordan, eta orain, banatzea tokatzen da. «Etxekoen eta ezagunen artean banatzen dugu, gehientxuena. Gero, festetan feria ere egiten dugu. Orain 5-6 urte hasi ginen. Lontxonbordan, Ezkerrenbor­dan... ere egiten da, eta feria egunean probatu egiten ditugu. Olentzerorekin erronda atera­tzen garenean ere, sagardoa banatzen da etxez etxe».
Gustora edaten dute, gainera. «Lehen ere, Aranoko sagar­do­ak onak zirela esaten zen, eta orain ere fama ona dute. Nik adi­tzera badut lehen auzokoak etortzen zirela sagardoa proba­tzera. Eta Añarbeko presa ireki zutenean ere, langileak etor­tzen omen ziren Martzene­kobor­da­ra, txarrotik sagardoa edatera».

Belaunaldiz belaunaldi, noiz arte?
Egun sagardotegiak Astigarra­gan eta Hernanin kontzentratu direla dio Salaberriak, baina ez dela beti horrela izan. «Asko aldatu da. Nik Donostian, Egian, banuen lagun bat, eta bertara arrantzaleak joaten omen ziren. Arraina eramaten zuten sagardotegian frijitzeko». Martzenekobordan lehengo ohiturari eustea lortu dute. «Baserriko bizimodua asko al­datu da; orain kanpoan gehiago ibiltzen gara, eta astebukaeratan biltzen gara. Baina horrela behintzat, jolas moduan, familia baserrian elkartzeko aitzakia bihurtu da sagardoa. Orain­dik aiton-amonak bizi ditugu, eta horrela, zubi-lana egin da. Familia bakarra da gurea Ara­non kale baserria, Martzenea, eta borda, Martzenekoborda, mantendu dituena. Ilobak ere etortzen dira, eta batek oraintxe probatu du sagardoa. Gustatu zaio. Orain arte belaunaldiz belaunaldi pasa da. Noiz arte? Ezin jakin!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!