emakumeen Nazioarteko Eguna da bihar, martxoaren 8a. Aldarrikapen eta ospakizunetarako eguna da, eta honen harira datozen egunetan hainbat ekintza antolatu dituzte Astigarragan.
Ekitaldiak, aste osoan zehar
Gaur, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua ikusteko aukera izango da 20:00etan, Kultur Etxean. Uxue Alberdi, Jone Uria, Miren Amuriza eta Nerea Elustondo ariko dira bertsotan, Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzunez. Ixak Arruti eta Eneko Sierrak jarriko dute musika. Sarrerak 6 euro balio du.
Herritik kanpo ere, festa eta aldarrikapen giroan ibiliko dira astigartarrak. Harituzekin batera, Asturiaseko Laviana eskualdera joan dira. Indarkeria sexistaren aurkako matazak ekimena eraman dute, eta bufanda erraldoiaren erakusketa egingo dute askatasunaren trena kolektiboko kideekin. Caso, Sobrescobio, Laviana, San Martin del Rey Aurelio eta Langreoko udaletan jarriko dute ikusgai.
Bertsotan ariko dira: Uxue Alberdi, Jone Uria, Miren Amuriza eta Nerea Elustondo.
Asteartean Ellas pelikula ikusteko aukera izango da Zineforumean. Ondoren, Aukera ekimeneko bi kiderekin gaiari buruz hitz egiteko aukera izango da. Kultur etxean jarriko dute, 18:00etan.
Ostiral iluntzea monologo batek girotuko du: Busco novio formal que marido ya tuve. Barre algarak ziurtatuta dituzte, 20:00etan kultur etxera gerturatzen direnek:, Sarrera: 3 euro.
Gazte Lokaleko kideek berriz, #bilioibatbesarkada ekimenarekin egin dute bat. Liletak proiektuaren inguruko erakusketa jarriko dute martxoaren 7tik 14ra. Erakusketaren inguruko aurkezpena martxoaren 15ean egingo du, astigartar batek: Gazte Lokalean, 20:00etan.
Tailerra ere izango da martxoaren 17an: Feng Shui tailerra. Irekia da eta bizi garen espazioak nola orekatu erakutsiko dute.
Azkenik, DBH 3 eta 4ko ikasleek bi tailer egingo dituzte: Amodio erromantikoaren mitoak. Lehen Hezkuntzako ikasleek berriz, Generoa eta kirola gaia landuko dituzte.
«Astigarraga parekide izatearen helburua geroz eta gertuago dugu»
Udalaren adierazpena: «Martxoaren 8a, aldarrikapenerako eguna izateaz gain, urteko balantzea egiteko data aproposa da. Urte berezia izan da aurtengoa, bufanda erraldoiarekin olatu erraldoia sortu baitute Harituz elkarteko emakumeek, munduan jarraipena izan duena. Aurten errekonozimendu berezia egin nahi dugu emakumeek duten gaitasun dinamizatzaile eta sortzaileari. Hausnartu eta borrokan jarraitzeko garaia da: generoan oinarria duten soldaten desagerpena, prekarietatea, emakume askok lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunekin bukatzea, kontziliaziorako oztopoak, eskubide sexualak eta ugalkorrak sortzeko borroka... Denok kideak gara, eta pixkanaka ari da fruituak ematen: Astigarragako II. Berdintasun Plana esaterako. Astigarraga parekide baten helburua geroz eta gertuago dugu».