Pipaondik Samaniegora, kondaira zaharren bidetik

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 7a

Mendiriz mendi
Sierra de Cantabria mendizerrako ibilbide polita proposatu du Mendiriz Mendik martxoaren 14rako. Bi herri txiki eta eder ezagutzeko aukera izango da; Pipaon - Ur­date mendatea - Eskamelo (1.292m)-Samaniego.

Kondairen barrenako bidea
Pipaon Lagrán udaleko parte den herri txiki eta zaharra da. Puebla de Arganzon herriari emandako Fueroan agertzen da herri honi buruzko lehen aipamena 1191. urtean. Hasie­ran Salinas kondearen familiaren menpe egon zen eta ondoren Hijar dukeen menpe, baina laurehun urteren ondoren bertako herritarrek askatasuna erosi zuten eta 1802. urtean hiribilduaren titulua jaso zuen. Horren oroigarri, herriaren sarreran gurutze eta burdin uztai bat duen masta bat ipini zituzten.

Herriko kondaira batek omen dio Roldan gerrazale handia, beste 20 zaldun armatuekin batera, herrira iritsi zela eta errekan zaldiei edaten ematen ari zirenean, herriko neskatxa gazte bat hurbildu zela arropa garbitzera. Bere edertasuna ikusirik zaldunek neskatxa bahitu zuten. Herritik irten eta Recillako mendatera igo ziren gaua pasatzera. He­rri­ko gazteak atzetik igo omen ziren neskaren askatasuna eskatzera. Borroka bat izan omen zen, eta Pipaon herriko gazteak zein sutsuak ziren ikusirik, Roldanek neskatxa askatzea agindu omen zuen. Istorio hori herriko gazteek antzeztu omen zuten 1904. urteraino.
Herriko zaharrek kontatzen duten beste kondaira batek mairuak ditu protagonista. Diotenez Pipaoneko neskatxa gazte eta lirain bat Errioxara joaten omen zen ikatza eta egurra saltzera. Bidean entretenitzeko abestu egiten omen zuen. Inguru haietan zebilen moro gudari talde batek neska entzun eta, bere edertasuna ikusirik, bahitzea erabaki zuen. Granadara eraman omen zu­ten Kalifaren festetan kanta­tzeko. Urteak igaro zituen horrela, eta zahartzean Kalifak askatasuna eta herrira buelta­tzeko baimena eman zizkion. Abestien truke, berriz, urrea eta tela bitxiak oparitu zizkion, eta baita zerbitzari mairu bat ere, laguntzaile modura. Zerbitzari hori Pipaonen ezkondu omen zen. Herrian mora goitizena daraman familia bat bada.

Pipaondik Eskamelora
Pipaon herriko plazatik irten eta herriko irteeran eskuinera egin. Kan­po­san­tu albotik igaroko gara, ez­ke­rrean Semendia mendia eta es­kuinean nekazal soroak di­tu­gula. Pistak gora egiten du­e­nean ataka metaliko batekin egingo dugu topo; ezkerrean utzita, zuzen jo. Bide zabala basoan sartzen da eta hiru kilometrora On­zateko aterpera iritsiko gara. Aurrera jarraitu eta bidea estutu egingo da, baso barrutik igotzean. Bide zabalago batera iristerakoan eskuinera egin eta, apur bat behera eginez, Galarzetako arroila inguratu behar da. Aurrerago beste bide zabal batera irtengo gara; eskuinera egin eta apur bat jaitsi ondoren El Pradico izeneko iturrira dago. Bideari jarraitu eta ur-biltegitxo baten albotik igaro ondoren Fuente Cimera izeneko bidegurutzera iritsiko gara. Ezkerrera egin eta erreka albotik jarraituz, aldapa gogor batetik igoz, Urdateko mendatera iritsiko gara. Mendatean ehiztari postu ugari daude, usotarako. Es­ka­melo mendira igotzeko bidezidorra jaiotzen da bertan, eta bideak El Cuervo haitza bere ipar aldetik inguratuz gora egiten du. Ordu erdi batean gailurra baino apur bat lehenago dagoen lepotxo batean izango gara. Gailurra zanpatzeko  eus­te leku onak dituen bost metro inguruko trepada txiki bat soilik geratzen da. Gailurretik bistak izugarriak dira; alde batera Palomares mendizerra, eta bestera Toloño.

Gailurretik Samaniegora
Bidean atzera egin eta, Urda­teko mendatera itzuli ondoren, behera egin behar da. Hego-men­debaldera egiten duen bi­dezidorra hartu eta jaisten hasi behar da. Berehala gara He­rre­ra­ko mendatera igotzen den erre­pidean. Errepidea gurutzatu eta, bi aldetan dauden bi mugarri zuriak erreferentzi modura hartuta, errepidearen beste al­de­an dagoen bideari jarraitu behar zaio. Bide hori hartu baino lehenago, eskuinera, errepidetik gora 80 metro eginez Balcon de la Rioja izeneko begiratokia dago; bertatik Sa­ma­niego aldera dauden bistak zoragarriak dira.
Berriro atzera egin eta bidezidorretik Las Majadas izeneko lautadara jaitsiko gara. Bideari jarraitu eta berehala gara El Cristo izeneko ermita duen Samaniegoko atsedenlekuan. Iturria, mahaiak eta sua egiteko erretegiak ditu. Ermita 1978. urtean erre zen eta 1993. urtean berritu zuten. Parketik herrira doan asfaltozko errepidetxoari jarraituz be­rehala gara Sa­maniegon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!