Kiroldegian obrak egingo dira; hain zuzen, aldageletan eta igerilekuan, eta horiei buruzko azalpenak eman zituzten asteartean Luis Intxauspe alkateak, Beñat Amenabar kirol zinegotziak, Nora Erdozia arkitektoak eta Manolo Aierbe Kirol teknikariak.
Kiroldegiko lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengo fasean, aldagelak, distribuzioa eta sarrera ingurua berritu eta moldatuko dira; eta instalazio termikoen efizientzia hobetuko da. Lan horiek udara honetan egingo dira, ekainean hasita. Bigarren fasean, igerilekua haundituko da. Lan hori datorren urtean egingo da, 2016an.
Diputazioak diru laguntza emango du, 600.000 eurokoa. Lehenengo faseko inbertsioa, 960.000 eurokoa (BEZa barne) izango da.
Hobeto antolatu eta oztopoak kendu
Nora Erdozia arkitektoak azaldu zuen kiroldegiko distribuzioa zaharkitua dagoela eta obra hauekin, espazioa hobeto aprobetxatu, zirkulazioa modu logikoagoan egin eta irisgarritasuna erraztuko dela (oztopoak, eskailerak... kendu).
Aldaketa nagusiak, honakoak izango dira: igerilekuko aldageletan, eta ikastetxe eta klubeko aldageletan, erreforma integrala egingo da. Igerilekuko aldageletan, dutxak barruan jarriko dira. Irisgarritasun baldintzak hobetuko dira orokorrean, eta ikastetxeetako aldageletan, adibidez, eskailerak kenduko dira. Aldagelez gain, kiroldegiko sarrera haundituko da eta torno kopurua ere bai: hiru torno beharrean, bost izango dira. Honela, ez da jende pilaketarik izango. Eta sarreran bertan, harrera eta sorospen gela bat izango da. Zirkulazioari dagokionez, oinetakoak jantzita eta hanka-hutsik ibiltzeko espazioak ondo bereiziko dira. Igerilekurako, egokitutako bi adagela eta haurtxoentzat aldagela bat egingo dira. Ikastetxe eta klubetako aldageletan, egokitutako aldagela bat eta arbitroentzako aldagela egingo dira. Takilak, korridoreetan jarriko dira.
Sarrera kanpoan, espazio bat egongo da, tapatua, bizikletentzako. Eta iturgintza, klimatizazio eta aire instalazioak berrituko dira.
Obra, beharrezkoa
Alkateak azaldu zuen beraien politikan, pertsona dela ardatz, herritarren bizi kalitatea eta osasuna, eta zentzun horretan beharrezko ikusi dutela obra egitea. «Kiroldegia oso zaharra dago, eta 1983an martxan jarri zenetik, aldagelen eta igerilekuaren zonaldean ez da inoiz obrarik egin. Gipuzkoako zaharrenetakoa da».
Eta datuak kontuan hartzekoak dira: 7.453 abonatu ditu kiroldegiak; urtarrilean, 37.665 sarrera izan ditu tornuak; eta igerilekuko aldagelak, 2.905 lagunek erabiltzen dituzte astean, bataz beste.
Hiru aste kenduta, kiroldegia zabalik
Ekainaren 23tik irailaren 14ra egingo dira lanak. Bi epealditan izan ezik, zabalik egongo da kiroldegia. Obrak irauten duen bitartean, sotanoko aldagelak erabiltzeko aukera izango da eta kiroldegira sartzeko, Latsunbe aldeko emergentziazko atea erabiliko da. Mugikortasun arazoak dituztenentzat, goiko partean aldagela egokitu bat jarriko da eta komuna. Kiroldegia itxita egongo da, San Joanetako astean (ekainak 23-30) eta Donostiako Aste Nagusiaren bueltan (abuztuak 3-16).
«1983an kiroldegia martxa jarri zenetik, ez da inoiz obrarik egin igerilekuaren eta aldagelen zonaldean».
Hiru astetan ezingo denez kiroldegia erabili, kiroldegiko abonuari hilabete gehiago erantsiko diotela azaldu zuen Beñat Amenabar zinegotziak. Eta horrez gain, Astigarragarekin hitzarmena egin dute eta bertako kiroldegia erabiltzeko aukera izango dute abonatuek, Hernanikoa itxia dagoen egunetan.
Efizientzia energetikoa hobetu
Efizientzia energetikoa hobetzeko ere, aldaketak egingo dira. Aldaketak egingo dira instalazio teknikoan eta hobeto kontrolatuko da energiaren gestioa. Adibidez, eguzki plaketatik lortzen den energia gehiago aprobetxatuko da eta ur-bero kontsumoa murrizteko, emari bajuko difusoreak jarriko dira dutxetan. Sistema berriarekin, 10 urteren buruan, %30 aurreztea lortuko dela azaldu zuten.
Aurkezpena, astelehenean
Beste aurkezpen bat egingo du Udalak, astelehenean. Udaletxeko Areto Nagusian izango da 19:00etan. Erabiltzaileei eta herritarrei gonbitea luzatzen die Udalak bertaratzeko. Proiektua eskuragarri dago hirigintzan.