2015eko Udal Aurrekontua herritarrek eztabaidatu eta zehazteko prozesua egin zen iaz, 2014an. Bertan, hernaniarrek erabaki zuten Udal Aurrekontuko 500.000 euro zertan gastatu. Proposamen horiek Udal Aurrekontuan jaso ziren abenduan eta tramite prozesuan daude gaur egun, aurrera eramateko.
Hala ere, batzuk dagoeneko ia bukatu direla azaldu du Udalak: «Batetik, Koxka elkarteak dagoeneko bere ohiko aurrekontuan ditu hernaniarrek erabakitako 30.000 euroak, erabakiak hartzeko baliagarriak. Eta bestetik, jarri dira kalean, hondakinak biltzeko hainbat edukiontzi. Udal ordezkariek, elkarlanean landu eta adostu dituzte auzo elkarteko ordezkariekin ontziak non jarri».
Eta gaineratu du, dagoeneko lanean ari direla 2016ko Udal Aurrekontuak ere, partaidetzakoak izan daitezen. Prozesua apirilean hasiko dela aurreikusi dute.