Hernanitik Zubietara, errausketaren kontrako deia

Kronika - Erredakzioa 2015eko martxoaren 4a

Hernanin Zero Zabor taldeak antolatuta, Zubietara martxa egin zuen herritar talde batek larunbat goizean. Gipuzkoako gizartea errauskailuaren meha­txuaz ohartarazi nahi izan zuten. Goizeko hamarretan Hernaniko plazatik abiatuta, hamabi eta erdietarako iritsi ziren Zubietako gainera, Gipuzkoako hondakinentzako azpiegitura nagusiak joan behar duten “Zero Gunera”, antolatzaileek bataiatu zutenez.
Hernanitik, Lasarte-Orian barrena joan ziren mendiz, eta bertatik bertara ikusi zituzten Zubietako paraje haietan egindako lur urraketak. Usurbildik iritsitako herritarrek azaldu zizkieten zulo hartan errauskailua eta bere instalazioak nola ziren joatekoak, eta orain GHKk bertan, TMB, konpost planta eta abarrekin zer eraikitzeko asmoa duen.

«Erne ibiltzea tokatuko zaigu»
Hernanin Zero Zabor taldeko kide batek  gogorarazi zituen EAJ/PNV, PSOE, PP… entzun! Errausketarik EZ, ez Zubietan, ez inon! izenburuarekin zabaldutako deialdiaren arrazoiak. Eta bukaeran nabarmendu zuen, erne ibili beharko dela:  «Urte hauetan Gipuzkoak asko egin du aurrera hondakinen kudeaketan eta erakutsi du errausketarik gabeko sistema ez dela utopia, baina alderdi horiek berriro errausketa mahai gainean jarri dutenez, erne ibiltzea tokatuko zaigu».
Ondoren, denen artean zuhaitz haziak erein zituzten. Eta Zubietako “Zero Gunetik” alde egin aurretik, hamaiketakoa jan zuten elkarrekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!