Gipuzkoako txapela janztea zuten helburu Oier Gurutzealde eta Egoitz Olarrak. Larunbatean jokatu zuten finalerdia Behar Zana taldeko Eneko Maiz eta Eñaut Esnaolaren kontra; partiduak ihes egin zien ordea. Partidu gogorra izan zen larunbatekoa: «tantu gogorrak jokatu ziren, eta luze batzuk ere bai» azaldu zion Kronikari, Gurutzealde pelotariak. 40-14 nagusitu zen Behar Zana taldea, eta garaipenak eman zion, finalerako pasea. Alde haundia itxura batean, markagailuak erakusten zuena; pelotalekuan ordea, ez zen hainbesterainokoa izan. Aurkariak izan ziren nagusi, baina partidua markagailuak erakusten duena baino orekatuago joan zen. Finalerdietara iritsi izanaren poztasunarekin dira, bi astigartarrak.
GRAVNI txapelketa, helburu
Epe motzean, GRAVNI txapelketa jokatzea du helburu Gurutzealdek. Gipuzkoako selekzioak aukeratu du, eta gogor entrenatzea da orain asmoa: «momentuz selekzionatua izan naizela da dakidan bakarra. Lehenengo urtea dut nagusietan, eta ilusioarekin sentitzen naiz. Laugarren edo bosgarren aldia da aukeratzen nautela, eta gustura nago».