joan den asteko uholdeek kalte ugari utzi dituzte Astigarragako bazterretan. Herriko zortzi puntu hartu zituen urak:
Ergobian, plazaren inguruan izan ziren kalte gehien: Estanco eta Beizama tabernak, inguruko tailerrak, portalak, garajeak... Txalaka ibilbide inguruko enpresek ere izan zituzten kalteak, eta errumaniarren kanpalekua ere, desalojatu behar izan zuten. Arrobitxulon, garaje batzuetan sartu zen ura. Donostia ibilbidean ur asko pilatu zen, batez ere, Bidebitarte industriaguneko sarreran; garaje batean ere sartu zen ura. Pelotari kalean ere asko izan ziren kaltetuak: komertzio eta portaletan sartu zen ura, eta zeinbat kotxe ere izan ziren kaltetuak. Errekatxo inguruan, garaje, portal eta bajuetara sartu zen ura. Martuteneko bidean, Lizeaga eta Gartziategi sagardotegietan sartu zen ura. Eta Portutxon, anbulategi inguruko zenbait baju eta portal hartu zituen urak.
Balorazioa egiteko garaia
Uholdeen balorazioa egiten ari da orain Udala, eta bide horretan, ezinbestekotzat jo du herritarrekin biltzea. Datorren astean egingo dute bilera, Arrobitxuloko lokalean. Hainbat puntu aztertuko dituzte: zeintzuk izan diren kalteak; Udalak uholdeen eragina gutxitzeko hartuak zituen neurriak eraginkorrak izan diren aztertu, eta hutsuneak aipatu; alertak zabaltzeko protokoloak funtzionatu duen ikusi; eta herritarren ekarpena jaso.