Gipuzkoako EH Bilduko 40 alkate eta zinegotzik prentsaurrekoa eman zuten ostiralean, Carlos Urquijok «instituzioen funtzionamendua baldintzatu nahi duela» salatzeko. Azaldu zutenez, Espainiako Gobernu Delegazioaren burua den Urquijo «udaletan hartutako erabaki eta neurrien kontra egiten ari da behin eta berriro». Helburua argia dela diote: «erabakitzeko ahalmena Estatuko Gobernuak zehaztutako mugen barruan utzi nahi dute. Jarduera antidemokratikoa da erabat. Gainera, Euskal Herriko erakundeek orain arte hartutako neurriek ez dute ezertarako balio izan». Hori horrela, erabaki dute: «Alkateen Batzordea sortzea, Legebiltzarreko talde politikoekin harremana izango duena. Eta gizarteari dei egitea erabakiei erantzuteko». Larunbatean Euskararen Kontseiluak deituta manifestazioa izan zen, eta jende ugari elkartu zen Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lemapean.