Eskoziako Aberdeen hirian, independentziaren aldeko emakumeen taldeko kidea da Gillian Martin. Euskal Herrian da egunotan, eta hitzaldia eman zuen larunbatean Biterin, Gure Esku Dago taldeak antolatuta. Nabarmendu zuen iraileko erreferendumean eskoziarren %45ak independentziaren alde bozkatzea «lorpen haundia» izan dela: «Eskozia esnatu egin zen politikoki». Erresuma Batuak eta ezezkoaren aldekoek egin zituztenak ere kontatu zituen Martinek: «Ezetzaren aldekoek beldurra sorrarazi zuten jendearen artean. Egunez egun, hedabide britaniarrak istorio faltsuak asmatzen aritu ziren. Adineko andre batek, adibidez, bai bozkatu nahi zuen. Baina sinestarazi zioten Eskozia independizatzen bazen, ezingo zituela bisitatu Ingalaterran dituen bilobak».
Nahiz eta epe motzean ez den erreferendum berririk izango baikor da Martin: «Gizarte gaiekin lotutako ekimen askotan ari gara lanean, herrialde berri bat sortzeko. Bagara herrialde berri bat. Independentzia badator, baina ez dakit noiz». Kataluniari eta Euskal Herriari keinu bat eginez bukatu zuen hitzaldia eskoziarrak: «Autodeterminazioa eta independentzia denontzako iritsiko da».
«Europak behar du aldaketa»
Eskoziarrarekin batera, ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko Alfons Bech izan zen hitzaldian. Independentzia lortzeaz gain, Bechek nabarmendu zuen «okerren» pasatzen ari den jendearen alde egin nahi dutela: «Hobeto bizitzearen alde borrokatu behar dugu». Haren ustez, herritarrei galdetu behar zaie ze herri nahi duten: «Ze hezkuntza? Ze eskubide? Ze gizarte eredu?». Gainera, aipatu zuen aldaketak ez direla bakarrik Eskozian, Katalunian edo Euskal Herrian ematen ari: «Europa osoak behar du aldaketa, horrela ezin da jarraitu».
Martin, Bilgune feministan
Txoko Feministak antolatuta, solasaldia egin zuten atzo Gillian Martinekin Plaza Feministan.