Horrela tokatu zen. Otsailaren 2an, larunbat iluntze aldera, inauteriko irrintzi beroak bazuen jarraitzailerik Hernaniko kaleetan barrena. Sandiusterri aretoan, Aimar Elosegi gogoratuz transexualitateari buruz ekitaldi bat burutu zen. Kanpoan dezibelioen apolojia, mozorro gunea, ekibokoaren morbo-joko-festa. Barruan, kuriositateak sortzen duen marmar diskretoa, aurpegi garbiak, gardentasuna, transexualitatearen korapiloa gertuagotik ezagutu nahiean-edo bildu ginen jende multzo bat. Kanpoan txaranga, barruan Ornitorrinkus. Kanpoan algara, barruan arreta. Ekitaldia bukatu aurretik utzi nuen aretoa. Hala ere, han jasotakoa komentatu nahi nuke, labur bada ere. Ilunabar hartan ezagutu nuen Ornitorrinkus. Merezi zuen. Gaua, ilunabarra gehienez, eskatzen du bikote honen atmosferak. Okasiorako hasieran eskainitako lana bikaina iruditu zitzaidan, momentuarekin bete betean konektatzen zuena. Oinazearen itolarria baretuko duen arnas freskoa, elegantea, sentsiblea, melodrama aztarnarik gabe, transzendentaltasun girotik urrun. Famili baten sufrimendua besteen zerbitzura. Horrela iritsi zitzaidan Aimarren amak prestatutako lana. Ama, bakarra izaki. Neretzat erabat ezezaguna zen mundu bat zabaldu zuen gure aurrean. Transexual semearekin famili batek bizi izan duen (eta, orain semerik gabe, bizi duen) prozesu gogorra. Transexualitate laberintoan, bizitzarako atea zabalduko zion irteeraren bila zebilen gaztetxo baten istorioa. Bai gure herriko plazan, filosofi laikoaren argipean, Aimar agurtu genuenean, bai geroztik seme adoratu hura publikoki gogoratu duen bakoitzean, famili honek gizatasun bidean ikasteko aukera ezin hobeak eskaintzen dizkie burutik ala bihotzetik zoko usaia aldentzeko prest daudenei. Ziur nago halako duintasuna ez dela alferrikakoa izango. Hiritar honen aldetik, eskerrik asko. Hurrengo eguneko KRONIKAk `Ni normala naiz` izenburupean ekitaldiaren berri ematen zuen. Izenburu hori hari mutturtzat hartuz gogoeta labur bat plazaratu nahi nuke. Zer da normala izatea ala ez izatea? Zer da normaltasuna? Nere iritziz, gauzetaz edo fenomeno objetiboaz (aurtengo otsaileko batazbesteko tenperatura, tomateen kolorea eta abar) normal edo anormal hitzak erabiltzeak ez du eragin gehiegirik. Tomate urdin bati normal edo kontrakoa esatea, tomateari bost ajola, ez du hitzik esango, ezta malkorik botako ere; gainera ez da demostratu lotsaren eraginez gorritu daitekeenik. Egoera zeharo aldatzen da pertsonei buruz edo gai sozialetaz hitzegiterakoan. Ardi beltza aipatzeko baliagarria izan daitekeen hitza, gorrotagarria bihurtzen da harreman pertsonalak eta gizarte barruan aurkitzen ditugun identitate anitza aipatzeko orduan. Bere erabilpen sozialean gure hitz xelebre honi kategoria aldatzen zaio, gauzen arteko ezaugarrien sanbenito izatetik kontzeptura mudatu eta pertsonak ala kolektiboak kalifikatzeko erabiltzen da. Gertatzen da, ordea, kalifikatzeko erabiltzen ohi dena deskalifikatzeko ere oso praktikoa dela. Hizkuntz perbertsioaren forma hartuz, prejuizioz eta beldurrez josita dagoen gizarte zati haundi baten ahotan, normal/anormal hitzak hainbat identitate pertsonal eta kolektibo ezberdin adierazteko txerto hitzak iruditzen zaizkit. Aimarrek, eta bere esperientzia bizi duen edozeinek amari `Ni normala naiz` esaterakoan, subjetibitate eta prudentzia osoz diot, uste sendoa eta erreibindikazioa uztartzen zituen. Berak ondo aski zekien besteekiko ezberdina zela, bere identitate pertsonala garatu nahi baitzuen. Aldi berean, beste inork ez bezala biziko zituen inguru aurrean naturaltasun osoz agertzeko oztopo eta eragozpenak. Bera pertsona zenez gero, bere nortasuna defendatzen zuen eta gainontzeko pertsona guztiak bezala, bere giza eskubideetan oinarrituz, merezi zuen errespetoa eskatzen. Horrela ulertzen ditut harridura sortu zidaten Aimarren hitz horiek. Azaldu nahi dudana (ez dakit lortu ote dudan) zera da: sufrimendua eragin dezakeen hitz `inoxente` baten aurrean gaudela. Maialenek maisutasunez eta maitasunez esandakoak dira (gutxi gora behera): `horrela doakigu bizitza, gu geu izateko besteei baimena eskatuz. Saia gaitezen ikustezina ikusten ikasten`. Nik gordinegia daukat ikustezinarekin hasteko. Ezinikusiarekin hasiko naizela uste dut. Gaurtik aurrera, Mak (hainbeste laguntzen didan eta hain tratu beltzak jasaten dituen nere makil txuria) eta biok kalean barrena goazela, kasuak eskatzen duen bakoitzean: barkatu, ez naiz normala, lagunduko al didazu pasatzen?
Luis Gorrotxategi Zigaran