Indarkeria politikoaren eragina Hernanin izeneko txostena aurkeztu zuen Euskal Memoria fundazioak, Udalak eskatuta, otsailaren 18an. Altxamendu frankistatik gaur egunera arteko indarkeriaren ondorioak bildu dituzte lan horretan, eta orain bigarren fase bati ekin diote, herritarren ekarpenak bilduz. Martxoaren bukaera arte ariko dira ekarpenak biltzen; «dena dela, hau ez da bukaera izango, pauso berri bat baizik», azaldu du Arantxa Erasun fundazioko kideak. Partehartzea beharrezkoa dela nabarmendu du, «egi guztia jakin dadin».
Txostena Udalaren webgunean dago: www.hernani.eus.
2013an egindako lana aurkeztu duzue eta orain bigarren fase bati ekin diozue. Herritarren parte hartzea eskatzen duzue.
Bai, ikerketa lana 2013an garatu zen, lehen eta bigarren mailako iturriak arakatzen. Abiapuntu gisa hartu genituen epealdi honetan gertatutakoa aztertu eta ezagutarazteko aurretik egondako esperientziak –Aranzadik egindako ikerketa, 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak argitalpena, Euskal Memoriak berak garatutako bilduma…-, eta Udal Artxibategia bera ere iturri zabala dela ikusi dugu, bereziki frankismoan zabaldutako jazarpena dokumentatzerako orduan. 2013 bitarte jaso duguna gertakari nagusien bilduma da, egia osoa ezagutzeko oinarrizko pauso gisa, beti ere hernaniarrengan zein Hernanin eragina izan dutenak biltzea helburu. Hildakoak, zaurituak, jazarriak, erasotuak, atxilotuak, torturatuak… Zerrenda luzeak osatu ditugu, sailkatuta, baina hau hasiera besterik ez da.
Zer da orain bilatzen duzuena?
Herritarrak datu-bildumaren partaide izatea. Orain arte inon jasota ez dauden gertakariak geure oroimenean edota ingurune hurbilean bakarrik geratzen dira, eta denok ezagutarazteko bideak jartzen ez baditugu, hurrengo belaunaldiei zabaltzeko biderik ez da geratuko.
Gertatu zaiguna kontatzea, minaren mapa zabal honen parte bilakatzea, bakoitza geure kontakizunaren subjektu bilakatzeko modua ere bada. Azken finean, orain aurkeztu dugun bilduma tresna bat da, guztion artean osatzekoa. Denon artean osatu behar dugu minaren eta sufrimenduaren kontakizuna, era kolektibo batean, egiteko dagoelako.
Lan haundia egina duzue. Oraindik gehiago atera daitekeela uste duzue?
Bai, jakitun gara asko dagoela osatzeko, hainbat gertakari eskura edo ezagutzeko moduan ez direlako egon. Jende asko egongo da gertatu zaiona kontatu ez duena, eta orain da garaia egia jakin dadin.
Batez ere, ze garaitako gertakizunetan dago hutsune gehiena?
36ko gerrak Hernanin eragindakoaren inguruan sakondu da gehien azken hamarkadan, baina badago oraindik dokumentatzeko lana. Frankismoari dagokionez, oraindik luzerako dago Udal Artxiboan, jazarpenerako frankistek erabilitako bide guztien arrastoa topatzeko, izan ere, jazarpen ideologikoa eta ondoriozko zigorren (molde askotarikoak) dokumentazio ugari utzi zituzten udal agintari frankistek. Era berean, herritarren lekukotasuna beharrezkoa litzateke bai frankismoan jasandako zigor mota ezberdinak zerrendatzeko eta horien ondorioak biltzeko.
Azken frankismo eta trantsizio osteko jatorri ezberdinetako bortxakeriaren ondorioei begira, uste dugu abiapuntu berri bat ezarri dela, baina asko dagoela osatzeko zauritu, eraso, jazarri… duten herritarrei dagokienez.
Beste zerbait gehitu nahi?
Batetik, orain arte herritarrek zein beste eragileek egindako lana eskertu nahi nuke eta, bestetik, deialdia egin bakoitzak bere egia kontatzeko, horixe izango baita etorkizunean errepika ez dadin bermerik onena.