Euriteek ondorio nabarmenak utzi dituzte Astigarragan. Asteazken eguerdian hasita, Urumea ibaiaren maila etengabe igo zen, eta arratsalderako urak atera ziren hainbat tokitan.
Uraren igoerarik haundiena ostegunetik ostiralerako gauean gertatu zen; Astigarragan 15 bat zentimetro egin zuen gora.
Atzo, ordea, ateri eutsi zion egunaren parte haundienean, eta Añarbek ere ur gutxiago askatu zuen. Hori horrela, udaletxetik azaldu zuten ibaia nabarmen ari zela behera egiten. Arratsalderako Garbiketa Zerbitzua lanean hasi zen.
Udalak herritarren eskura ditu 8 bonba, ura ateratzen laguntzeko.
Errepideak irekita, gaurko
Asteazkenean bertan itxi behar izan zituzten Txalaka eta Pelotari kaleak, eta egoera antzekoa zen ostegunean: Pelotari kalea itxita Kutxa parean, eta Galtzaur erreka ingurua ere urak hartuta; Donostia ibilbidea ere itxita Gruas Alonso eta Haurreskola parean; eta Txalaka pasealekua ere bai, Iretzatik Ergobiaraino. Hain zuzen, Ergobian nabarmen egin zuen ibaiak gora, eta plaza eta hainbat etxe inguru urak inguratuta geratu ziren.
Ondorioz, Astigarragara sarrera-irteerak bi bidetik egin zitezkeen: Iparralde bidetik edo Bidebitarte industriagunetik. Baina gaur goizerako trafikoa normaltasunera bueltatuko da. Donostiarako bidea ere, Martutenen barrena, laster irekiko dela espero dute.
Kalteak, ikusteko
Ura toki askotan sartu da: auzo, bajera, garaje eta komertziotan. Ez, ordea, industriaguneetan.
Hala ere, oraindik ez dakite zenbatekoak izan ote diren uholdeek eragindako kalteak. Datozen egunetan ikusiko da. Horretarako, garbiketa lanak lehenbailehen egitea ezinbestekoa da; Udalak herritarren eskura jarri ditu 8 bonba, ura ateratzen laguntzeko. Zailtasun haundienak Ergobian izango dituzte, urak maila altua hartu baitu.
Udalak, mozioa
Osteguneko Plenoan aho batez onartu zen mozioa, eskatzeko uholdeak saihesteko behar diren obrak lehenbaileen egiteko.