Ostegun gauerako espero zen ur-mailaren igoerarik haundiena, euria egiten jarraitzeaz gain, Añarbek ateak ireki behar izan baitzituen. Andoni Pikabea udaltzainburuaren esanetan, «mailarik altuena gaueko 01:40etan erregistratu zen; 3,06 metro».
Hala ere, igoera ez zen espero bezain haundia izan, eta kalteak ez ziren areagotu. Are gehiago, atzo eguerdirako Karabel eta Portu auzoak garbi eta irekita zeuden; baita bi auzoen arteko errepidea ere. Astigarragarako bidea, ordea, AMR parean, itxita mantenduko da egun batzuetan: «AHTaren obrak direla eta, ingurunea aldatuta dago, eta itxoin egin behar dugu egoera lasaitu eta ingurua garbitzen den arte».
Kirol instalazioak, urpean
Egoera kaxkarrena Zubipen eta Landaren dago. CD Hernaniko lehendakariak, Ricardo Ramosek zioen: «ohituta gaude. Disgustua gelditzen zaigu, baina badakigu zer dagoen, etsita gaude. Pixkanaka jaisten ari da ur maila, eta orduan egingo dugu balorazioa, igande partean. Bitartean, 15 taldek non entrenatu eta jokatu bilatu behar dugu». Landaren ere berdin daude: «ura jaistean garbitzen hasi beharko dugu, zikinkeria, eta bereziki, lokatza kentzen».
Ondorio larririk ez
Pikabearen esanetan uste baino kalte txikiagoak eragin dituzte uholdeek, eta Ur Kontsorzioa laster hasiko da kalteak neurtzen.