Kontsumo taldea sortuta, bilera bi aste barru

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 28a

KONTSUMO talde berria sor­tzeko bilera egin zuten, asteazkenean. Hamar lagun inguru gerturatu ziren Basherri saretik antolatutako hitzaldira; Taula baserriko Elena baratzezaina eta arrautza ekologiko ekoizle bat ere bertan izan ziren.
Hartutako erabakiarekin aurrera jarraitzeko ilusioa azaldu zuten  gerturatutakoek, eta bi aste barru berriro elkartzeko zita egin zuten. Asmoa da, taldea osatzen joatea eta modu egoki batean funtzionatzeko ardurak ba­natzea. Hala ere, gogorarazi nahi dute ateak zabalik dituztela, eta gerturatu nahi duen edonork har dezakeela parte: «gure elikaduraren burujabe izan nahi badugu, beharrezkoa da kontsumoaren inguruko jarrera aktiboa hartzea».

Alternatiba baten bila
Kontsumo talde bat sortzea beharrezkoa ikusi dute Astigarragan: batetik, gaur egungo elikadura sistemari alternatiba bat aurkitzeko; eta bestetik, baserritarrei bertatik bizitzeko aukera emateko. Asmoa da, Taula baserriko saskiak banatzea astean behin, barazki ekologikoez betetakoak. Hauez gain, beste produktu ba­tzuk banatzeko aukera ere izango litzateke: arrautzak, ogi edo haragi ekologikoa... Talde bakoitzak adosten du zer eta nola funtzionatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!