Plenoa izan zen ostegunean eta Astigarraga-Zarkumendegi arteko bidegorria eraikitzeko proiektua onartu zen aho batez. Hori horrela, orain prozedurarekin hasiko dira. Desjabetze espedientearekin hasiko dira eta kontratazio espedienteari aurrerago ekingo diote, orain Diputazioarekin lanean ari baita Udala, finantziazio hitzarmena lortzeko.
Andoni Gartzia alkateak azaldu zuen Udalaren helburua dela aspaldiko behar bati erantzutea, modu sinple eta merkean: «Bizikletaz eta oinez joateko aukera izango dute herritarrek. Eta inguruan dauden sagardotegietara joan-etorria ere erraztuko da». Gainera, proiektu hori aprobetxatuko dute Zarkumendegi eremura saneamendu sarea luzatzeko. «Beraz, ingurumenerako ere aurrerapausoa izango da», nabarmendu zuen alkateak.
Zorione Etxezarraga EAJ-PNVko bozeramaileak azaldu zuen proiektua beharrezkoa dela eta ados daudela. Hala ere, EAJk beste modu batera eramango zuela aurrera nabarmendu zuen.
Ergobiako zubian lanak lehenbailehen egin beharra
Uholdeen inguruko mozioa ere onartu zen, aho batez. Urumearen «enegarren» uholdearen aurrean, honakoa azaldu zuten: «1.- Ikusita Udalak uholdeei aurre egiteko martxan jarri dituen neurriak nahikoak izan ez direla, herritarrek sentitzen duten frustrazioarekin eta haserrearekin bat egiten dugu. 2.- Udalak holdeei aurre egiteko behar diren neurriak hartzen jarraituko du, gure lehentasunak honetara bideratuz. 3.- Azkenik, ibaian benetan ardura duten erakunde guztiei Urumean egin behar diren lanak gehiago ez atzeratzea eta berehala ekitea eskatzen du Udalak, guztion arteko elkarlana baliatuz».
Udal baratzen araudiari, hasierako onarpena
Udal baratzen erabilera eta funtzionamenduaren araudia ere onartu zuten. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen eta EAJ-PNV abstenitu egin zen. Hasierako onarpena izan zen eta orain alegazioak aurkezteko epea zabalduko da.
Alkateak araudiak biltzen dituen baldintza batzuk aipatu zituen: «Jarduera guztiek nekazaritza ekologikoan oinarrituta izan beharko dute eta horretarako formakuntza ikastaroa emango du Udalak. 4 urterako utziko dio berez baratza Udalak herritarrari, baina luzatu edo mozteko aukera izango da, egoeraren arabera. Tasak, sinpleak izango dira: 3 euro hilabeteko eta 50 euroko fiantza».
EAJ-PNV abstenitu egin zen, alegazio epea zabaldu dela eta, ekarpenak egiteko asmoa duelako. Proiektuaren alde daudela azaldu zuten.
Bestalde, Gazteen aisialdirako lokalak egokitzeko ordenantzari behin betiko onarpena eman zioten, aho batez. Krabelin-Etxeaundi eremuko plan berezia ere onartu zen, behin betiko. Eta baita Berdintasun II plana ere. Aho batez, biak ere.
Martxoak 8ko adierazpena
Beste mozio bat ere onartu zuen Plenoak: Martxoak 8ko adierazpena, Euskal Herria feminista eraikitzeko. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen eta EAJ-PNVk aurka. Mozioa onartuz, Astigarragako Udaleko hautetsiek konpromisoa hartu zuten emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu, lan egiten jarraitzeko: «1.- Gure herrian biolentziarik gabeko bizitza bizitzeko eremua izateko bitartekoak jarriz. 2.- Emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlana bultzatuz. 3.- Gure herriko emakumeek merezi duten bizitza duinak izateko politikak garatuz».
Etxezarragak azaldu zuen mozioan sistema kapitalistari leporatzen zaiola emakumea gutxiestearen errua, politikarekin lotzen dela, eta beraientzat arazoaren gakoa hori baino gehiago dela.
Alkatearen erantzuna: «Noski, kapitalismoa kentzearekin bakarrik ez dela arazoa konponduko, baina sistema honek ez du laguntzen eta arduradun zuzena da».
Erregistro Zibilaren pribatizazioaren aurka
Erregistro Zibilaren pribatizazioaren kontrako mozioa ere onartu zen, aho batez: «1.- Merkataritza erregistratzaileei Erregistro Zibilaren kudeaketa ematen dion Errege Dekretu Legearen aurka egiten dugu. 2.- Adierazi dezatela bake-epaitegiak eta gaurko Erregistro Zibilaren bulegoak izan behar dutela Erregistro Zibilak kudeatzen dituztenak, herritarrei zerbitzu pulbikoa eta doakoa eskainiz, orain eta beti. 3.- Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu negoziazioak azkartu ditzala Erregistro Zibila kudeatzeko eta betearazteko eskumenak jasotzeko».