Azken egunetan zenbait komunikabidetan argitaratu diren «okerreko informazioei» erantzunez, prentsa oharra argitaratu du Udal Gobernu Taldeak, «herritarrek informazio zuzena izan dezaten». Adierazi dute, EAJk, PSE-EEk eta PPk «hondakinen gaiak duen erabilpen politikoaz baliatuz beldurra eta deskonfiantza sortu» nahi dutela.
«Gezurra da kamerak jarriko direla herrian zehar», azaldu du Gobernu Taldeak: «kamerak jarri ahal izateko datu babesaren fitxategiak sortu behar dira, eta hori da Plenoak onartutakoa». Argitu dute, helburua dela Martindegiko larrialdi gunean etengabe agertzen diren obra hondakinei aurre egitea, arriskutsuak izan daitezke-eta bizilagunentzat. Azaldu dutenez, hori da kamerak jartzea aurreikusten duten gune bakarra, eta «auzotarren eskaerei erantzunez» hartu da erabakia.
«Ez dugu aurreikusten hondakinen ikuskatzaile figurarik sortzea»
Bestalde, Gobernu Taldeak zehaztu du, aldaketarik ez dela izango hondakinen ikuskarien inguruan: «gaur egun udaltzainek eta Ingurumen teknikariek betetzen dute lan hau eta horrela jarraituko du. Ez dugu aurreikusten hondakinen ikuskatzaile figurarik sortzea».
Bestalde, Gobernu Taldeak jakinarazi du isunak ez direla haunditu: «justu kontrakoa, onartu den aldaketa bakarra, aurreneko hiru egunetan ordainduta, %50eko murrizketa izatea da». Eta zehaztu dute, aldaketa guztiak egin direla «beharrezko prozedura eta txosten juridikoak babestuta».
«Gobernu Taldea eta hernaniarrak lanean ari gara», diote, «eta badirudi ez gabiltzala hain gaizki, oposizioak gezurraren gainean eraiki behar duelako bere argumentazioa. Zorionak Hernani, ondo ari gara!».