Asteazkenean jarri zen martxan alerta egoera, eta esperotakoa gertatu zen; Urumeak bazterrak hartu zituen.
Goizuetan bidea itxi behar izan zuten, herritik 1-2 kilometroan, asteazkenean bertan; Alduntzingo jauregiaren parean, urak Olatxo zubia gainditu zuen.
Era berean, Arranbiden zuhaitz bat erori zen, eta bidea moztu behar izan zen 15-19 kilometroen artean.
Horrez gain, Muxulinbordako bidean lur-jausia izan zen. Bidea libratzeko makinak hondatu egin ziren, eta denbora puska bat behar izan zuten arazoa konpontzeko, baina azkenean bidea ireki egin zuten.
Kalte haundienak, pistetan
Anjel Salaberria alguazilak azaldutakoaren arabera, atzo eguerdirako bide guztiak irekita zeuden Goizuetan.
«Kotxeak bi aldetara dabiltza. Denak joan dira lanera edo eskolara, baita Goizuetatik Leitzan barrena ere. Arranbideko zubitik hona putzua bada, baina pasa liteke. Uraren maila ere pixkanaka jaisten ari da», azaldu zuen.
Okerrena, Muxulinbordako lur-jausia izan da. Asteazkenean eroritakoa libratu bazen ere, atzo beste lur-jausi bat izan zen. «Muxulinbordako pistan lehertu egin da erreka. Kamiona, makina... dena beharko da! Itxita egongo da bidea, egunetarako!».
Gainontzean, ez da bestelako kalte haundirik izan Goizuetan. «Pistaren bat edo beste gelditu dira kaltetuta, eta gastu haundiena hor egin beharko du Udalak», azaldu zuen Salaberriak. Datozen egunetan hasiko dira garbiketa lanekin.