Gorka Urkiola, Urko Semperena eta Tomas Oterminek asteburu honetan ekingo diote karreterako denboraldiari. Astigarragako txirrindulariak dira eta Donostiako Donosti Berri-Fullgas taldean dabiltza. Pistako denboraldia bukatu berri dute eta bertan lortutako emaitza onak errepikatzeko gogoz daude hirurak. Lehenengo lasterketatik ahal dutena emateko asmoz aterako dira.
Semperena eta Otermin kadeteak dira eta gaur ekingo diote denboraldiari, Ibaetako zirkuitoan. 20 km egin beharko dituzte sailkapenean eta finalera pasaz gero, 30 km gehiago. Urkiola jubenila da eta bihar izango du denboraldiko lehenengo lasterketa. Eibarren izango da, 78 km-koa, eta San Migeleko gaina igo beharko dute.
Jaime Romero eta Telmo Semperena astigartarrak ere badabiltza Donosti Berrin, infantiletan.
Urkiola, espero baino hobeto
Urkiolak laugarren urtea du txirrindularitzan. Infantil bigarren urtean hasi zen. «Aurretik beste kirolak egin izan ditut, batez ere eskalada. Bizikletan ibiltzen hasi nintzen nere kabuz eta Hernaniko taldean sartzeko esan zidaten. Eskalada utzi eta txirrindularitzan hasi nintzen. Gero, kadete mailan Donosti Berrira pasa nintzen», azaldu du. Jubeniletan lehenengo urtea du eta zerekin topo egingo duen ez dakiela dio, karreterako denboraldiari begira. Pistan behintzat, ederki moldatu da, hainbat podium eginez, eta harrituta ere badago: «Ez nuen espero hain ondo ibiltzea. Lesioa ere izan nuen iaz Espainiako Txapelketa prestatzen ari nintzela eta oso gustora nago».
Helburuen inguruan galdetuta, halaxe dio: «Aurrean egotearekin, gustora. Iaz Espainiako selekzioak hartzea ere lortu nuen eta hori berriz lortzea ere gustatuko litzaidake».
Aurrera begira, berriz, datorren urtean ondo ibili eta gero, afizionatu mailara pasa nahiko luke. «Hortik aurrera, oso zaila dago. Euskal Herrian ez dago talderik profesionaletan eta kanpokoek hartzeko oso oso ona izan behar duzu».
Semperena, aurrean ibiltzeko asmoz,
Semperena berriz, urtebete gazteagoa da eta sei urte daramazki txirrindularitzan. Bigarren urtea du aurtengoa, kadete mailan. «Aitari beti gustatu izan zaio txirrindularitza eta nik berarekin jarraitu izan dut. Gustoa hartu nion eta Donosti Berrin hasi nintzen», dio. Pistan nola ibili den ikusita, orain ere aurrean ibiltzen saiatuko dela azaldu du: «Iaz ez nintzen gaizki ibili eta aurten hobeto. Gustora nago, podium batzuk lortu ditugu-eta. Orain ere saiatuko gara aurrean ibiltzen». Bere ilusioa, karreraren bat irabaztea dela dio: «Baina ez badut lortzen ere, segi egingo dut; bizikleta gustatu egiten zait». Etorkizunean, afizionatu mailara iritsi nahiko luke.
Otermin, esperientzia hartzen
Otermin da gazteena. Kadeteetan lehenengo urtea du, baina badu esperientzia: 5 urte egingo ditu aurten txirrindularitzan. Donosti Berrin hasieratik dabil. Lehenengo urtea, esperientzia hartzeko urtea izaten dela azaldu du, eta gustora dagoela: «Alde haundia izaten da mailaz igotzean. 15 km egitetik 50-60 bat egitera pasa naiz. Eta bukaeran, 72 km-ko karrerak ere izaten dira. Esperientzia hartzea da orain urte honetako helburua. Karrerak bukatzea eta ez erortzea». Karrera bat bukatu eta aurrean sartzeak ilusio berezia egingo liokeela dio. Tomasek ere afizionatuetara iritsi nahiko luke.
Esprinterrak
Txirrindulari bezala, norberak bere buruaz zer nabarmenduko lukeen galdetuta, esprinterra izatea gustatzen zaiola dio Semperenak: «Baina entrenatzaileak esaten dit nere gorputzarekin esprinter ona izateko zaila daukadala… Eskalatzaile bezala hobeto ikusten nau». Oterminek ere esprinter bezala ikusten du bere burua. Urkiolak, berriz, ez du ezaugarri bat nabarmentzen: «Ez nuke esango ezaugarri bat dudala nabarmentzekoa, baina orokorrean nahiko ondo moldatzen naiz: esprintean eta aldapa gora».
Kirol sufritua, baina polita
Txirrindularitzak badu kirol gogorraren fama eta halaxe dela diote hiru astigartarrek: «Entrenamendu gogorrak, festarik ezin egin, lagunekin geratzeko ere arratsalde bat hartzea zaila… eta kirola bera ere gogorra da, kilometro asko egin behar izaten dira». Baina alde oso ona ere badu beraientzat: «Oso kirol polita da».
Semperenak eta Oterminek, astean 3 egunetan entrenatzen dute, ordu eta erdiko saioak eginez. Urkiolak, berriz, 6 egun entrenatzen ditu: 3 egun pistan eta 3 egun karreteran. Arano aldera joaten dira gehienetan, Semperena eta Otermin, eta Urkiola Goizueta eta Leitzara.
Txirrindularitza probatzera animatzeko dei ere egiten diete ume eta gazteei: «Aukera badago, behintzat. Adibidez, bizikleta edo materiala ez badaukazu, gure taldean utzi egiten dute. Gogoa baduzu, aukera badago». Eta neskak ere gonbidatzen dituzte. Berez, Astigarragako neska bat hasi zen denboraldi hasieran, alebin mailan. Baina utzi egin du eta pena dela azaldu dute: «Adin horretan agian zailagoa da, baina gero neska pila bat ibiltzen dira. Gainera, mutilak baino gutxiago izaten direnez, proportzioan aukera gehiago izaten dituzte aurrean ibiltzeko». 260