«Poza ematen dit gazteak baratza egitera animatzen direla ikusteak»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ots. 28a, 01:00

Hamabosgarren mendeko ba­­­­­serri dotorea da Ereñotzu. Txilibita gisa ezagutzen dute askok, baserriko aitonaren omenez hartu zuen ezizena bai­ta. Baserriak sarrera ematen dio izen bera duen auzoari. Baratza ederrak ditu inguruan, eta bertan aurkitu dugu Ig­nacia Oiarbide, etxekoandrea.   Bizi osoa dedikatu dio baserriko laborantzari, eta pasarte guzti horiek kontatu dizkio Kronikari. Izan ere, dezente aldatu da baserriko bizitza azken hamarkadetan.

«Asto-karroarekin joaten zen amona Bretxara»
Ignacia Oiarbide txikia zenean lanik ez zen falta baserrian: azienda, baratza, eta anai-arreba txiki ugari. Izan ere, 13 senideetatik zaharrena da Ignacia. Baratza izan dute ba­serriko fuerteetako bat, diru iturria, eta Ignaciak ondo gogoan ditu amonaren peripeziak: «Bretxako merkatura joaten zen egunero. Eta orduan ez zegoen gaur egungo garraio modernorik. Asto-karroan eguneko generoa jarri, eta Do­nos­tiara joan-etorria egiten zuen. Traturako emakumea zen amona, Donostiako joan-etorria aprobetxatzen baitzuen arraia erosi, eta bueltan, Epele eta inguruetan saltzeko».

Autobusa, Fagollagatik
Amonari Ignaciaren amak har­tu zion erreleboa, eta ordurako, autobusa ateratzen zen egu­nero Fagollagatik Donostia­ra. Hala ere, asto-karroaren laguntza beti zen ongi-etorria: «baserritik Fagollagara generoa garraiatu beharra zegoen, eta asto-karroan egiten zen». Ignaciak berehala ikasi behar izan zuen ogibidea. Amak seme-alaba ugari ekarri zituen mundura, eta hutsune hori kubritzea senide zaharrenari egokitu zitzaion: «nik joan behar izaten nuen amak ezin zuenean. Ordura arte koliflora, aza eta porrua eramaten ziren traturako. Berehala konturatu nin­tzen barietate gehiagoren eskaria bazegoela, eta ahal zen guztia eramaten hasi nin­tzen:    porrua, azelga, aza, letxua, tipulina, erremolatxa... Alegia, ga­raian garaikoa».

«Amona asto-karroan joaten zen Bretxako merkaturaino, barazki tratura»

Urteen poderioz aldaketa asko izan ditu Bretxako merkatuak. Baserritarrak ha­sie­rako merkatu zaharretik atera­tzea izan zen aurrenekoa, eta Igna­ciak postua uztea erabaki zuen: «kan­pora atera gintuzten, eta uztea erabaki genuen. 60ga­rren hamarkada hasiera zen hura».

Tratuan, gaur egun ere
Bretxan postua ez izateak ez du Txilibitakoen ogibidean eragin.  Etxean jasotako barazkiak Bre­txa­ra eramaten jarraitu zuen Igna­ciak: «astearte eta ostiraletan era­maten hasi ginen, bertako re­kaderei. Eta orain ere, bi egun horietan bidaltzen ditugu. Goi­zeko 06:00etan Garayarreko au­tobusean bidaltzen diet generoa Bretxan postua duten bi baserritarri. Baratxuri freskoa, rabanitoak eta berroak dira, batez ere, orain bidaltzen dizkietenak. Berroak adibidiez, estimazio asko dute, Portuko batek eta guk bakarrik eramaten baititugu».

Udaberrirako prest
Udaberria gainean da, eta uzta berrian du orain burua, Ig­na­ciak: «negua oso txarra dijoa, eu­ri asko egin du eta dagoeneko ha­sia behar nuen landatzen. Ti­pula lehengo astean jarri nuen, eta ilarra ere ereinda be­har nuen... Danetatik pixka bat egiten saia­tzen gara, baina eguraldiak lagundu egin behar du horretarako. Giroa jarri zain nago».

«Bertako produktuak estimazio haundia du»
Bretxako salmentek bera egin omen dute azken hamarkadetan, erosketa joerak aldatu di­rela eta. Belaunaldi berriek ordea, garai bateko joera horri heldu nahi diotela dirudi, eta horrek poza ematen duela dio Ignaciak. Bertako produktuak estimazio haundia duela dio: «salmentek ez dute zerikusirik garai batean izaten zirenekin. Hala ere, badirudi, bertakoari dioten estimazioa indarra har­tzen ari dela. Gazte jendea gerturatzen ari da berriz ere merkatuetara, eta salgai dagoen ba­razki hori nongoa den galde­tzen dute. Bertakoa izatea nahi dute, eta hori notizi ona da».

«Barazkia bertakoa izatea nahi du jendeak merkatura joaten denean».

Baratzak, geroz eta gehiago
Eta joera horrekin jarraituz, geroz eta gehiago dira baratza koxkor bat izatera animatzen direnak: «notizi ona da hori. Nik beti maitatu izan dut baserriko lana, ederra iruditu izan zait. Poza ematen dit gazteak baratza egitera animatzen direla ikusteak. Halako berriak beti dira onak».

Oiloak, egungo azienda bakarra
Baratzaz aparte, azienda ere izan da Txilibitako diru iturria ur­te lu­zez. Ganadua eta txerriak ken­du zituztela badira makina bat urte, baina oiloek beti izan dute lekua.  20 bat oilo ditu egun kanpo librean, eta beste batzuk kaioletan.  Arrautzak etxerako eta traturako izaten ditu Igna­ciak, hauek ere, oso estimatuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!