Ibaiaren maila 40-50 bat zentimetro igoko da datozen minutuetan, aurreikuspenen arabera

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 26a

Añarbeko urtegia ura askatzen ari da goizeko 01:00etatik, gainezka baitago. Eta azken orduetan emaria haunditu egin behar izan du, segurtasunagatik. Hori horrela, datozen minutuetan ibaiaren maila 40-50 zentimetro igotzea aurreikusten dute. Egoera larria izango da.

Hernanin, Portu, Karabel eta Fagollaga ingurua urak hartuko ditu, besteak beste. Astigarragan, Ergobia eta Galtzaur erreka ingurua hartuko ditu. Aranon Abaño inguruko errepidea moztua dago , eta isolatuta daude, modu batean, Goizuetara dijoan errepidea ere itxia baitago, urak hartuta.  

Egoera larria izango dela azaldu dio Kronikari Andoni Pikabea udaltzainburuak. Pikabearen esanetan, euria berez ez du hainbeste ari, baina Añarbek ezin dio gehiago eutsi.

Udaltzainak eta babes zibileko langileak prebentzio neurriak hartzeko eskatzen ari dira herritarrei. Industriaguneetan dabiltza, kotxeak ateratzeko esanez eta ondasunak lurretik ahalik eta urrunen jartzeko esanez. Kalteak ahalik eta gehien murriztea da orain helburua. Etxetik ez ateratzeko ere eskatzen diete herritarrei, ezinbestekoa ez bada behintzat.

Astigarragako Udalak ere, herritarrei eskatu die kotxeak eta baliozko ondasunak garajeetatik ateratzeko edo altueran jartzeko. Udala hondarrezko zakuak bilatzen ari da komertzio eta bajuetako lokalak babesteko. Hondarrezko zakuak lehenbailehen jarriko dituzte Estanco tabernan, Ergobian, eta Pelotari kalearen inguruetan. Anbulategia itxi egin dute, badaezpada.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!