Portu-Karabel, Ereñotzu eta AMR pareko bideek itxita jarraitzen dute

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 26a

Gauean, atsedenaldi txiki bat izan da eta mantendu egin da egoera. Orain, maila gorrian dago berriz Urumea, Fagollaga inguruan, eta atzo hartutako neurri berdinak mantentzen dituzte. Hau da: Portu eta Karabelerako sarrera-irteerak itxita daude, Ereñotzurako bidea itxita dago Fagollaga parean eta AMRtik Martindegiko errotondako tartea itxita dago. Hori horrela, Urumeako autobia A-15a erabiltzeko dei egin dute. Karabelgo errotonda irekia dago. Osiñagako bidean ere ez ibiltzeko gomendatu dute udaltzain eta babes zibileko teknikariek.

Errumaniarrak ere kanpamendutik atera zituzten atzo goizean eta gaua Gabriel Zelaian pasa dute.

Beste herritarrik ez dute atera behar izan etxeetatik.

Bestalde, Chillida-Leku inguruko errepidea itxita egon da goizean zuhaitzak  telefonoko kableetara erori direlako. Dagoeneko irekia dago.

Añarbek goizeko 01:00etatik aurrera ura askatu du, ibaiaren maila jaitsi egin dela aprobetxatuz eta urtegiaren seguritateagatik beharrezkoa dela ikusita. Izan ere, ur pila bildu zuen atzo egun osoan zehar. 30 m3/s ari da askatzen, beti ere, ibaiaren egoera kontuan izanik. 

Txirritan, eskolarik ez

Errepide nagusia itxita dagoenez, Ereñotzuko Txirrita ikastetxean eskolarik ez izatea erabaki dute gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!