Atzotik etengabe bota du euria, eta Hernani eta inguruetan urak atera dira. Gainera, prezipitazioak direla-eta, alerta egoera gaur eguerdira arte luzatu da.
Atzo eguerdiko 14:00etarako urak atera ziren hainbat puntutan, eta arratsalde osoan ez zuen atertu. Iluntzean, Kronikako erredakzioa itxi zenean, hiru puntu zeuden itxita, Hernanin: Portu eta Karabel arteko bidea, Ereñotzurako bidea (Fagollagan urak atera zirelako), eta Osiñagakoa. Gauean zehar ur mailak gora egitea espero zuten udaltzaingo eta babes zibileko teknikariek. Izan ere, ibaia pixkanaka gora egiten ari zen, eta itsas-gora gaueko 22:00etan espero zen. Hori horrela, gauean zehar Portuko bizilagunak etxetik atera behar izateko protokoloa prest zegoela azaldu zion Luis Intxauspe alkateak, Kronikari.
Hernani eta Urumea bailara, urak hartuta
Eguerdirako hainbat puntu zeuden urak hartuta. Landare eta Zubipe zelaiak, adibidez, ur azpian zeuden. Era berean, hainbat bide itxi ziren arratsaldeak aurrera egin ahala: Hernani eta Astigarraga lotzen dituen bidea, AMR parean, edota Portu eta Karabel artekoa.
Inguruetako herrietan ere izan ziren arazoak; Astigarragan urak atera ziren Ergobian, eta hainbat puntu itxi ziren, putzuen ondorioz: esaterako, Txalaka eta Pilotari kaleak. Hernani eta Goizueta arteko errepidea ere itxi egin zen eguerdirako, Goizuetatik 1-2 kilometroan, eta baita Muxulinbordako bidea ere, lurjausi baten ondorioz.
Bestalde, eguerdi-arratsalderako errumaniarrak atera egin zituzten Hernani eta Astigarraga arteko kanpamendutik.
Eguna bukatzerako, Ereñotzuko eta Osiñagako bideak ere itxi egin zituzten.
Gauari begira, aurreikuspena txarra zen atzo, itsas-gora 22:00etarako espero batizen.
«Hartu beharreko neurriak hartu dira»
Azken orduan Luis Intxauspe alkateak Kronikari azaldu zionez, «hartu beharreko neurriak hartu dira. 2011ko uholdeekin alderatuta, oraingoan aurreikuspena egiteko denbora izan dugu, orduan ibaia oso azkar igo baitzen. Oraingoan, bezperatik bandoak jarri ditugu, megafonia bidez jakinarazi da Portu eta Karabelen ez aparkatzeko, eta bizilagunek badakite zein neurri hartu. Hemendik aurrerakoa, saihestezina da, baina neurriak hartu dira».
Puntu kritikoena, gauean
Itsas-gora gaueko 22:00etan espero zenez, puntu kritikoa iristear zegoela itxi zen atzo Kronikako erredakzioa.
Babes zibileko teknikariak, udaltzaingoak eta Luis Intxauspe alkatea berak azaldutakoaren arabera, iluntzean oraindik urak ez ziren atera industriladeetan, ez eta Portu auzoan ere. Baina puntu-puntuan zegoela azaldu zuten, eta ateratzeko arriskua bazegoela.
Bizilagunei dagokienez, zer egin bazekitela azaldu zuen Luis Intxauspe alaketak: «kotxeak mugitu arazi ditugu, etxe edo garajeetan gauzak alturan uzteko gomendioa egin dugu... Bizilagun batzuk silikona ere jarri dute ateetan, eta batzuk maleta prest dute, behar izanez gero. Baliteke jendea atera behar izatea, protokoloa prest dago».