Pilotari kalea eta Txalaka itxi dituzte, ura atera delako

Kronika - Erredakzioa 2015ko ots. 25a, 16:33

Alerta laranjan dago Astigarraga euriagatik eta Urumea ibaiaren maila igotzen ari da etengabe. Ura atera da leku batzuetan eta Txalaka eta Pilotari kalea itxi egin dituzte. Azken honetan, errotonda irekita dago. Horrez gain, hainbat neurri hartu ditu Udalak.  Esaterako, errumaniarrak kanpamendutik atera dituzte; goizean jarri dute protokoloa martxan. Krisi mahaia ere bildu da eta barrerak eta bonbak martxan jarri dituzte.

Aparkatzeko lekuak: udaletxeko plaza eta ikastola

Herritarrei ere, behar diren neurriak hartzea eskatzen die Udalak. Besteak beste: kotxeak eta baliozko ondasunak garajeetatik ateratzea. Eta aparkatzeko lekua izan dadin, udaletxe aurreko plaza (Foru plaza) eta ikastolako jolastokia (17:00etatik aurrera eta bihar 08:30ak baino lehen atera behar dira) ireki ditu Udalak. Eta gogorarazi dute hilerriaren inguruan ere aparkatzeko lekua izaten dela. Honako gomendioak ere eman dituzte: «Aparkatzeko eremuetan bakarrik utzi kotxeak eta ez utzi espaloi edo baimendu gabeko eremuetan, arazoa areagotu ez dadin».

Alerta egoerak bihar eguerdira arte jarraituko du iragarpenen arabera. Edozer dela ere, udaltzainak lanean dabiltza eta arazoren bat izanez gero, deitzeko azaldu dute: 943335230.

Azkenik, adi egoteko dei egin du Astigarragako Udalak. Ohiko kanaletatik (komunikabide, SMS eta sare sozialetatik) jarraituko dute ohar guztiak zabaltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!