Oso gertu izan dute txapela Iñigo Urkizuk eta Markel Lizeagak, asteburu honetan, baina ezin jantzi azkenean. Malerrekako txapelketaren finala jokatu zuten larunbatean Donezteben, Aurrera Saiaz taldeko Mendi eta Imazen kontra, eta oso lehiatua izan zen partidua, 14na berdintzera arte. Hortik aurrera, ordea, ezin izan zioten erritmoari eutsi hernaniarrek, eta 15-22 galdu zuten.
Gainerakoan, 15 partidutik 6 irabazi dituzte pelotari hernaniarrek asteburuan, baina zenbait txapelketetako azken faserako sailkatu dira. Denetan garrantzitsuena, Ojuel eta Lizeaga seniorrek Euskal Herriko Ligan lortu duten semifinaletarako pasea. Azken partidua irabazi zuten Ilunperen kontra (22-14), eta taldeko lehenengo izan dira.