Kontzertu berezia izango da gaur, iluntzeko 19:30etan Biterin, Hernasaxek antolatuta; Hernani Musika Eskolako saxofoi taldeak. Hernasaxek berak joko du, talde gonbidatu batekin: Oiartzungo Flauta Taldea. Bien artean, hamaika pieza eskainiko dizkiete bertaratzen diren herritarrei.
Pieza ezagunak entzungai
Pieza klasiko ezagunak entzuteko aukera izango da kontzertuan. Roberto Pachecoren zuzendaritzapean, bost pieza joko ditu talde hernaniarrak. Ottorino Respighiren Aintzinako Aire eta Dantzak albumeko III. Suitea hartuko dute aurrena: Italiana, Arie di corte, Siciliana eta Passacaglia. Eta ondoren, Philip R. Buttallen The Lone Ar-Ranger Goes Sax Mad! albumeko With apologies to Rossini pieza joko dute.
Oiartzuarrek, bere aldetik, sei pieza gehituko dizkiote gaurko emanaldiari, Iñaki Gurrutxaga zuzendariaren aginduetara: Ted Huggensen Sinfonia clasica, Andrew Lloyden Jesus Christ Super Star, Hans Zimmerren Tennesse, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean, Colin Evansen Flute Fiesta eta Leroy Andersonen Sand Paper.