100.000 euro zertan inbertitu nahi?

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 25a

Andoni Gartzia alkateak prentsaurrekoa eman zuen atzo. 2015eko aurrekontu parte hartzaileen ekimena aurkeztu zuen. Iaz bezala,  100.000 euro zertan inbertitu proposatzeko eta erabakitzeko aukera izango dute herritarrek.
Orain, ekimenaren 1go fasea­ri emango zaio hasiera eta herritarrek Udal eraiki­netan (udaletxean, kiroldegi­an, kultur etxean eta KZ Gu­ne­an) eta zenbait komertzio­tan (Ogi Berrin, Anuskan, eta Ikatza, Kaizo­­ku eta Estanco taberne­tan) izango dituzte buzoiak propo­sa­menak uzteko. Horre­tarako, etxean jaso edo bu­zoi­en gaine­an aurkituko dituzte trip­tikoak. «Bakoitzak herri ikus­pe­gi ez­ber­dina dugu eta horren ara­bera gure lehenta­sunak arlo batean edo bestean koka­tzen ditugu. Beraz ani­ma­tu eta egin zure ekarpe­na!», egin du dei alkateak. Pro­po­samenak entrega­tzeko azken eguna martxoa­ren 8a izango da.
Ondoren Udalak aurkeztu­ta­ko proiektuen bideragarrita­sun ekonomiko eta teknikoa aztertuko du eta azken fasera pasako direnak aukeratuko ditu. Azken fasean, herri galdeketa egingo da.

«Oraingoan ere, eskatutakoa egingo du Udalak»
Iaz egin zen lehenengo aldiz ekimen hau eta harrera oso ona izan zuela nabarmendu zuen alkateak: «Batetik, herri­tarrek lehenengo aldiz zuze­nean hartu zutelako parte Udal erabakien prozedura oso­an. Eta bestetik, Udalak emandako hitzari eutsi zio­la­ko. Herriak Ikastolarako ater­pea eskatu zion Udalari eta aterpea eraikita dago. Hasie­ra­tik bukaerara errepikatuko dugu oraingoan ere, herrita­rrek erabaki eta eskatutakoa egingo du Udalak».
Ziur daude aurten ere harrera positiboa izango duela ekime­nak eta espero dute iazko parte hartzea gain­ditzea.
Aurtengoak, inoizko aurre­kontu partehartzaileenak izan­go direla ere azpimarratu zuen alkateak: «Herritarrek Udal gaietan geroz eta par­tehartze haundiagoa izatea ahalbidetzen ari gara, eta etorkizunean ere hala izango da, laster indarrean sartuko baita parte hartze ordenantza. Eta ordenantza oraindik inda­rrean ez badago ere, Udala horren arabera ari da lanean dagoeneko. Auzo ezberdinetan 9 bilera egin ditugu eta he­rritarren ekarpen asko aurre­kontuan sartu ditugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!