Gaur bilduko da Hernaniko Udaleko Plenoa, iluntzeko 19:00etatik aurrera, 16 puntu eztabaidatzeko. Besteak beste, landuko dituzte Hondakinak bildu eta tratatzeko Udal Ordenantzaren aldaketen onarpena, eta hondakinen kontrolik gabeko isurketak saihesteko bideokamarak jartzea.
Udalaren finantza iraunkortasunaz ere ariko dira, eta hori aztertu, ebaluatu eta egiaztatuko duen kontuhartzaileen txostena aurkeztuko dute Plenoan.
Goiener Kooperatibako bazkide-laguntzaile izateko proposamena
Proposamen bat ere bozkatuko dute: Udala Goiener Kooperatibako bazkide-laguntzaile izatekoa. Horretarako, kooperatibako ordezkari bat egongo da, azalpenak ematen.
Halaber, bozkatuko dute Ereñotzuko Auzo Udalari diru gehiago emateko proposamena, mailegu gisa. Horrekin, ur zikinak jasotzeko proiektuaren bigarren fasea burutuko luke Auzo Udalak.
Gainerakoan, bi Ordenantza Fiskal aldatzea proposatuko da: zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko tasa eta prezio publikoenak, hain zuzen ere.