Bai, ahal da izenburupean, dokumental emanaldia eta solasaldia antolatu ditu Hernaniko Kaleratzeak Stop taldeak, gaur. Biterin izango da, iluntzeko 19:30etan, eta Siete dias en PAH Barcelona dokumentala eskainiko dute. Ondoren, solasaldia egingo dute.
PAH edo Hipotekaren Kaltetuen Plataforma barrutik erakusten du dokumentalak, ordubeteko saioan: antolaketa, plangintza eta taldeko erantzukizunen banaketatik, estrategia politikoaren garapenera arte; desobedientzia zibileko kanpainak ere islatzen ditu.
«Adiskidetasun erlazioa eta esperientzia hunkigarriak islatzen ditu»
Dokumentalaren balioa nabarmendu du Hernaniko Kaleratzeak Stop taldeak: «berezko adiskidetasun erlazioa islatzen du, hainbeste esperientzia bizi dituztenen artean, eta hain hunkigarriak», azaldu dute.
Iazko otsaila eta martxoa bitartean grabatu zuen dokumentala Comando Video taldeak, plataformaren lana ikusarazteko, eta zazpi elkarrizketa biltzen ditu.
PAH, kaleratzeei aurre egiteko mugimendua
2009an sortu zen PAH herri mugimendua, Bartzelonan, kaleratzeei aurre egiteko helburuarekin. Gaur egun, 200 talde baino gehiago dauzka Estatu osoan. Bere sorreraren 5garren urteurrena zela eta grabatu zuten dokumentala, omenaldi gisa.