Hernaniarren aurreneko traineru estropada gaur, Orion

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 21a

Maialen trainerua Oriako uretan ikusteko aukera izango da gaur. Lehenengo traineru estropada jokatuko dute Her­naniko neskek. Hain zuzen, Oriaren Traineru Jai­tsie­ra jokatuko da gaur, 16:30etan hasita. Eta zehazki, bi taldetan hartuko dute par­te hernania­rrek: Hernani-Iparra­girre Sa­gar­do­te­gia talde­an, Maialen trainerua­rekin,  eta Hernani-Betulo taldean, Tarragonako arraun­la­rie­kin (iaz ere, Gure Esku Dago taldea osatu zuten biek, Orioko jaitsieran). Dene­ra, 1.150 arraunlari eta 85 ontzi ariko dira leihan, maila desberdinetan, emakume zein gizon. Erakus­taldi bat bada ere, saltsa ederra sortu ohi da beti, denboraldiari begira taldeak nola datozen ikusteko aukera izaten baita.  
Kronikako webgunean zu­zenean jarraitu ahal izango da estropada, eguraldia lagun.

«Estropada txukuna egitea da helburua»
Hernaniko neskentzat aurre­neko traineru estro­pada izango da eta Juanjo Etxarte entrenatzaileak argi du festa bat izango dela, beste ezer baino: «Hasi berriak gara eta ez goaz marka bat egitera. Ez diogu postuari begiratuko. Estro­pa­da txukun bat egitea da helburua eta arraunlariek ikustea zer den traineru estropada bat. Gehienak, gazteak eta inoiz ibili gabeak dira».

Nesken estropada Saikolatik abiatuta izango da. Hernani-Betulo 17:11etan aterako da eta Hernani-Iparragirre sagardotegia 17:16etan.

Euria aldeko izan liteke
Eguraldi kaxkarra dago ira­ga­rria gaurko: haizea eta euria. Euriak mesede pixka bat egin dezakeela dio Etxar­tek: «Euriaren eragi­nez, ko­rronte gehiago sortu daiteke eta gure ordua kon­tuan har­tuta, mesede pixka bat egin de­zake, korrontea hartuz gero».
Hernani-Betulo, 17:11etan abiatuko da, eta Hernani-Iparragirre sagardotegia  17:16etan.

6 llagut, 6 llaut eta 77 traineru
Traineru estropadaz gain, Kataluniako llagu­ten eta Mediterra­neo­ko llauten estropadak ere jokatuko dira; seina talde izango dira lehian. Horiek hasiko dira eta ondoren traineruen txanda izango da. Jubenilak hasiko dira eta atzetik, beteranoek eta neskek jarraituko dute. Horiek denek 4.000 metroko estropada jokatuko dute eta Saikolatik abiatuko dira. Nesken ostean, gizonezko absoluto mailako traineruak ariko dira. 6.000 me­troko estropada egin beharko dute, Mapiletik abiatuta (Aginaga). 17:15etan hasiko dira.

Babyautoko lehenengo bandera jokoan
Nesken artean, 13 traineru aterako dira, orden honetan: 17:09etan Oiartzungo Itsasla­purrak, 17:10etan Badalona, 17:11etan Hernani-Betulo, 17:12e­­tan Campello, 17:13etan Dania Alicante, 17:14etan Co­lindres, 17:15etan Santoña, 17:16etan Hernani-Iparragirre Sagardotegia, 17:17etan Za­rautz-Getaria, 17:18etan Zu­maia, 17:19etan Hibaika, 17:20etan San Juan eta 17:21etan Orio Babyauto. Hain zuzen, Babyauto I. Bandera izango dute jokoan.

Batelak, bihar
Gipuzkoako Batel Ligaren txanda izango da bihar. Liga, berez, urtarrilean hastekoa zen, baina jardunaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Bihar, 10:30etan hasiko dira estropadak Pasai Donibanen, eta bertan izango dira maila guztietako Herna­niko batelak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!